«Apartheidaren trenetik jaisteko» eskatu diote CAFi ehunka lagunek Donostian

CAFen urteroko akziodunen batzarra zen gaur, eta horren harira, manifestazio jendetsua egin dute eguerdian Donostian, CAF Israelen eraikitzen ari den tren sarea dela eta.
Bost urte bete dira jada Jerusalemgo trenbidea eraikitzen hasi zirela. Joan den martxoaren 9an, hain zuen, lehenengo linea inauguratu zuen Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak, eta bertan izan ziren CAFeko ordezkari bat. “horren aldeko apustu estrategikoa egin dute eta muzin egin diote langile batzordearen eskakizunei —bere garaian hala eskatu zioten zuzendaritzari—, eta baita euskal gizarteko 200 eragile zibil eta politikotik gora”, adierazi du Koldo Alzola, BDZ mugimenduko kideak.
Duela bost urte abian jarri zen kanpaina, “mundu mailakoa” da gaur egun. Izan ere, gaur, Donostiakoaz aparte, CAFek Espainiako Estatuan dauzkan lantegi guztietan egingo dira elkarretaratzeak, hamasei hiritan orotara: “Galesen, Newporteko lantegian manifestazioa egingo dute, geure manifestazioarekin bat eginez”, gaineratu du Alzolak.
Proiektua hau ikuspegi etikotik “gaitzesgarria” dela uste du bozeramaileak, “Palestinar lurren kolonizazioa bermatzen duelako”, baina horretaz gain, “ilegala” ere badela uste du: “Lur eremu okupatuetan eraikitzen ari da, eta nazioarteko legediak debekatu egiten du lur eremu okupatuetan azpiegitura iraunkorrak eraikitzea”.
CAFeko langileei eta enpresaren etorkizunari kalte handiagoa egiten dio zuzendaritzak, boikot mugimenduak baino. Izan ere, antolatzaileen ustez, enpresaren etika falta ari da agerian geratzen, nazioartean baita Euskal Herrian ere.











