EAJk bere agintaldia goraipatu eta «beste hamar urtez» gobernatzeko prest dagoela adierazi du

EAJ alkatetzara iritsi eta hamar urtera ekitaldia egin du EAJk Amara Berrin. Eneko Goiak bere agintaldia goraipatu du eta EH Bilduri hainbat mezu gogor helarazi dizkio. Gogorarazi du EAJk EH Bilduren eskutik jaso zuen hiria, “geldirik, ekimenik gabe eta etorkizunerako ikuspegirik gabekoa” izan zela. “Eta hori esaten dut norbaiti ahazten bazaio donostiarrok dagoeneko probatu dugulako orain berriro gobernatu nahi dutenen errezeta”, adierazi du.
Alkate moduan daramatzan bi legegintzaldi eta erdietan zehar, Donostiak bizi izan duen eraldaketa gogorarazi du: besteak beste, Anoeta estadioaren birmoldaketa, Altzako kiroldegi berria, uholdeei aurre egiteko Urumearen zabalpena, Marrutxipiko lotura berria edota Tabakalera bezalako proiektuen bidez. Aldi berean, garatzen ari diren eta laster amaituko diren zenbait proiekturi balioa eman die, hala nola, Basque Culinary Centerren eraikin berriari, Topoaren trenbide pasabideari edo, nabarmenki, Parke Teknologikoa handitzeko jarduketa guztiei edo IBMren ordenagailu kuantiko berria hartuko duen eraikinari, “Donostia Zientziaren eta Ezagutzaren arloan erreferente gisa kokatzen baitute”.
Horren guztiaren ondorioz, Goiaren ustez Donostia “etorkizunari baikortasunez begiratzen dion hiri eraldatua da”, EAJren gidaritzapean, “etengabe oztopoak jartzen dituztenen” aurrean. Horiexek “ezezkoaren kluba” direla esan du, “proposatzeko gaitasunik gabe, beti iraganera begira”. Zehazkiago, azpimarratu du EH Bildu hiria eraldatzeko proiektu nagusi guzti-guztien aurka agertu dela, “beti ezetz bozkatuz, beti kontra”.
Etxebizitza, segurtasun eta turismoa
Alkateak hiru lehentasun ezarri ditu udalaren kudeaketan: etxebizitza, segurtasuna eta turismoaren kudeaketa. Hala, Loiolako Kuartelak erostea “EAJren lorpena” dela gogorarazi du, eta jeltzaleek etxebizitzaren %100 babestua edo publikoa izatea “sustatuk”o dutela. “Jakin behar dugu horrek ahalegin kolektibo handia dakarrela, eta gu ahalegin hori egiteko prest gaudela”, adierazi du.
Segurtasunaren alorrean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren eskutik “irmo” jokatzearen alde agertu da, eta argi utzi du “hiri honetan ez dugula gaizkilerik nahi”. Azkenik, turismoaren “kudeaketa egokia” defendatu du, eta etorkizuneko turismoaren gaineko zergaren bilketa udalen esku uztearen alde agertu da, “Donostiako herritarren bizi kalitatean eragin dezan”.