EH Bilduk ekitaldia egin du bere komunitatearekin, bi urte barruko hauteskundeak jomugan

Donostiako EH Bilduk, legegintzaldi erdia pasatu dela aprobetxatuta, ekitaldi politikoa egin du bere komunitatearekin. Eskertze ekitaldi bat izan da, begirada argi utziz: datozen udal hauteskundeak irabazi, eta berriro ere gobernatu nahi du koalizioak.
2011n, Bildu sortu eta gutxira, hauteskundeak irabazi zituen talde hasiberri hartako hainbat kidek ireki zuten ekitaldia, oroituz a zer nolako agintaldi zailari egin behar izan zioten aurre. Atzera begiratuta, “ilusioa” nabarmendu nahi izan dute, eta komunitateak emandako babesa, eta zaintza, eta ikaspenak. Atzoko eguna hitz politak partekatzeko eguna izan zen.
Juan Karlos Izagirre izan zen ia bakarra hiriaren erronka politikoen inguruan aritu zena. Balorazio orokorra egiterako orduan, EAJ eta PSE-EEren eredua kritikatu zuen: “Berdin zaie donostiarrok kanpora joan behar izatea bizitzera” eta “turismoarekin, promozioa gelditu behar dela esan, baina dirutza gastatzen dute horretan, hotel gehiago irekitzen dira, auzo bakoitzak jasan dezaken karga ahalmena ezagutu gabe erabakiak hartzen dira”.
“Ezezkoaren kluba”
Izagirrek Goiaren leloari buelta eman, eta ezezkoan kluba haiek direla esan zuen, koalizioak proposatzen duen iniziatiba orori “ezetz” esaten diolako egungo alkateak. “Desgobernua” egotzi dio Goiaren gobernuari, arazo nagusiak sektore publikotik at konpontzea bilatzen dutela kritikatuz, hala nola, etxebizitza, turismoa, ostalaritza eta “makromerkataritza”: “Sektore hauek haien interesak babeste dituzte, eta ez interes orokorra”.
“Ilusioa” eskaini nahi izan dio EH Bilduk bere komunitateari: “Orain dela bi urte ‘ia’ irabazi genuen Hemendik bi urtera ‘ia’ hori soberan egongo da, irabazi egingo dugulako”.
Izagirrek baieztatu zuen bere ekipoa prest dagoela, baina horretarako, haien kidegoa ere aktibatu beharra dagoela: “Bi urte intentso eta ilusionante ditugu aurretik. Militanteak aktibatu behar ditugu. Jende gehiago behar dugu. Gutako bakoitza beharrezkoa da hurrengo urteetan emango ditugun urratsetan; jauzi erraldoia emateko 2027an eta etorriko diren ardurak hartzeko”.