Parte Zaharreko hamabost elkarte batu dira, auzorako azpiegiturak eskatzeko

Parte Zaharreko hamabost kultura, kirol eta auzo elkartek prentsaurrekoa egin dute gaur, mezu argia helarazteko: “Auzoak behar dituen ekipamenduak lortzeko aukera errealagoa da”. Agiri bateratu batean, erakunde sinatzaileek Donostiako Udalari eskatu diote auzotarrekin eta tokiko eragileekin adostu ditzala gaur egun auzoan dauden udal espazioen erabilerak eta kudeaketa ereduak.
Bozeramaileek azpimarratu dute auzoak titulartasun publikoko hainbat lokal dituela, auzo-helburuetarako erabil daitezkeenak. Besteak beste, Bretxako Arrandegi eta Arkoak eraikinak –2024ko apiriletik udal kudeaketakoak–, Esterlines kaleko anbulatorio zaharra eta Urgulleko Guardetxea. Hala eta guztiz ere, honakoa azaldu dute: “Urtebete geroago, ordea, auzoko emakumezkoen saskibaloi taldeak Benta Berrin entrenatzen jarraitzen du eta jai batzordeko materiala Astigarragan gordetzen jarraitzen da. Bi adibide besterik ez dira, baina esanguratsuak, argi eta garbi erakusten baitute ekipamendu edo azpiegitura bat izateak ez duela berez ezer ziurtatzen”.
Eskaeren zerrendan ondorengoak aipatu dituzte: Gimnasio publiko balioaniztuna, Eguneko Zentro egokia, Haurtxokoa eta Gaztelekua, auzo erabilerarako gune balioanitzak, Kultur Etxea, gazteek-gazteentzat kudeatutako gunea, kirol-instalazio publiko eta estaliak, tokiko merkataritza sustatzeko gunea…
Parte Zaharreko eragileek uste dute udalak jada aurreikusten dituela datozen hilabeteotarako bere “mugimenduak”, eta, horregatik batu dira: “Azken urtean mugimenduak egon dira auzoan, mugimendu gehiago egongo dira datozen hilabeteetan, eta gu ere mugitzen ez bagara, bihar berandu izan liteke. Orain da unea”.
Honakoa da sinatzaileen zerrenda: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea – Kale Lagunak Hockey Elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Alde-Zaharra Kirol Elkartea, Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Kresala Kultur Elkartea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kaskariñak, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Kai Harripe Euskal Kultur Elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada eta Jarana Herri Kirol Taldea