Donostia Arraun Lagunak-ek bigarrenez irabazi du Espainiako txapelketa
Gizonezkoetan Oriok irabazi zuen, eta Donostiarra hirugarren sailkatu zen Zierbenaren atzetik eta Urdaibairen aurretik.

Bukatu da txapelketen aroa, eta Donostia Arraun Lagunak-ek hirutik bi bandera astindu ditu. Euskadikoa segundo bat baino gutxiagoko aldearekin galdu ostean, Castron (Kantabria, Espainia) atzo jokaturiko Espainiako Traineru Txapelketa irabazi zuten.
Lugañenea ontziak egin zuen denborarik onena (10:35,25), eta ia sei segundoko aldea atera zion Tolosaldea lehiakide zuzenari (10:40,93). Hibaika sailkatu zen hirugarren (10:53,99), Astillero laugarren (11:03,49) eta Zarautz bosgarren (11:05,58). Beraz, podiuma hiru traineru gipuzkoarrek osatu zuten.
Gizonezkoetan, berriz, Oriok borobildu zuen hirukoa Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Traineru Txapelketak irabazita (19:36,34). Donostiarra bigarren izan zen Gipuzkoakoan eta Euskadikoan, baina atzo hirugarren tokiarekin konformatu behar izan zen (19:50.67). Zierbena izan zen hirugarren (19:41.54) eta Urdaibai laugarren (19:57.29).