Guardetxea okupatu izanaren kontrako epaiketa urriaren 7an izango da

Parte Zaharreko hainbat gaztek maiatzaren 1ean okupatu zuten Urgulleko Guardetxea. Horren aurrean, Donostiako Udalak eraikina hutsarazteko salaketa aurkeztu zuen, baina epaileak ez zuen onartu kautelaz husteko eskaera, ekainaren hasieran. Prozesu judizialak, ordea, aurrera egin du, eta Alde Zaharreko Gazte Asanbladak gaur jakinarazi du noiz izango den epaiketa: urriaren 7an.
Horiek horrela, epailearen agindurik gabe udalak ezingo du Guardetxea hustu. “Ikusiko dugu epaiketa egunean zer gertatzen den”, adierazi du AZGAk. “Bestalde, udal gobernuarekin Guardetxearen esleipen baldintzak adosteko asmoz, auzoko hainbat eragilek egindako bilera eskaerari erantzun gabe jarraitzen duela ere salatu nahi dugu”, gaineratu dute.
Parte Zaharrean “egoera larria” bizi dutela deitoratu dute: “Horren isla da, pasa den astean auzoko hamabost kultur eta kirol elkartek, jai batzorde eta eragile hainbatek egindako agerraldia. Auzoko hainbat ekipamendu auzotarron beharretara egokitzeko eskaera egin genion udalari”.
Horrela ere, udal gobernuak erantzunik eman gabe jarraitzen duela salatu dute. “Argi dugu udal gobernuak arduraz jokatzeko betebeharra duela, auzotarron zein auzoko eragileon beharrak kontuan hartuz. Hala ere, entzungor egin eta langile klasearen interesen gainetik elite ekonomikoaren irabazi asmoak lehenesten jarraitzen duen bitartean, auzotarron antolakuntzaren eta autogestioaren bitartez herri mugimenduaren mesedetara jardungo duten herri egitura eta proiektuak martxan jartzen jarraituko dugula”, azaldu dute.