Maria Molinak indartuko du Realaren atzeko lerroa

Realak hirugarren fitxaketa iragarri du. Maria Molina atzelari kataluniarra 2027. urtera arte lotu dute txuri-urdinek. 25 urte ditu, Cornella de Llobregatekoa da eta Levante aritu da pasa den denboraldian.
Molinarekin atzeko lerroa indartu nahi du Realak. “Defentsan sendo aritzen da eta baloi irteera ona dauka. Ezaugarri horiekin, Levanteren joko sisteman ezinbesteko jokalaria bilakatu zen aurreko denboraldian. 2.511 minutu batu zituen 29 neurketetan, gehienak titular gisa, erregulartasuna eta konpromisoa erakutsiz”, nabarmendu du klubak.
Levanten ez ezik, Valentzian, Espanyolen eta Bartzelonan ere aritu izan da Molina. “Realak, fitxaketa honekin, bere sendotasuna eta oreka handitu nahi ditu, nortasun taktikoa areagotu nahi duen denboraldi baten aurrean”, adierazi dute.
Harrobiko hainbat jokalari berritu eta lehen taldera igo ondoren, Realak dagoeneko hiru jokalari fitxatu ditu. Molinarekin batera, Arola Aparicio eta Claudia Florentino dira 2025-2026ko denboraldian Realaren kamiseta jantziko dutenak.