Fermin Leizaola etnografo donostiarra zendu da
60 bat urtez, Euskal Herriko bizimodu tradizionala erakusten duten piezak eskuratzeko lan egin du, eta horregatik da bereziki ezaguna.

Fermin Leizaola Calvo etnografo donostiarra zendu da, 81 urterekin (1943-2025), haren senideek jakinarazi dutenez. 1958an, 16 urterekin, Aranzadi Zientzia Elkartean sartu zen Leizaola, eta 1964tik, garaiei, disko formako hilarriei, herri arkitekturari eta kultura materialari buruzko ikerketak egiten aritu da. Hain zuzen ere, Aranzadiko Etnografia Saileko zuzendaria izan da urte luzez, ondare materialean aditu gisa; Eusko Ikaskuntzako eta Euskalerriko Adiskideen Elkarteko (RSBAP) kidea ere izan da. Berriki utzi zuen Leizaolak Etnografia Saileko zuzendaritza, eta Maite Errarte historialari beasaindarrak hartu zion lekukoa.
Esparru etnografikoan egindako lanak ikertzaile gazteei arlo horretan ematen zizkien prestakuntza lanekin uztartu zituen beti Leizaolak, eta, besteak beste, Euskalerriko Artzaiak, Cultura pastoril y Cultura agrícola, Notas sobre pastoreo en Gorbea eta Gipuzkoako Artzaiak lanen egilea da. 2009an, I. Ondare Saria jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, ondarearen ikerketan egindako lanagatik, eta, 2017an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen.
4.000 pieza etnografiko
Sei hamarkadotan zehar egindako lanaren ondorioz, 4.000 pieza etnografiko bildu zituen, eta horiek denak Gordailuan daude egun, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan. Lanbide tradizionalekin lotutako piezak dira, hala nola, arotzeriako tresnak (garlopak, antzinako zerrak…), bizitza tradizionaleko eguneroko objektuak, nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak, zeramika herrikoia eta abar. Pieza horietako batzuk, gainera, gaur egun Euskal Herrian desagertuta dauden ofizio edo bizimoduei lotuta daude.
2009an, Ondare Sariaren harira, IRUTXULOKO HITZAko kazetari Maitane Aldanondok elkarrizketatu zuen Leizaola, eta argi azaldu zuen bere ibilbide osoan edukitako bide orria: “Ondarea belaunaldiz belaunaldi iraunarazteko obligazioa dugu”; hemen daukazue elkarrizketa osoa. Bestalde, iaz, bere ibilbidearen errepaso zabala egin zuen Leizaolak, Berria egunkariko Kristina Berasain Tristani eskainitako elkarrizketan.