'Ekin eta bultza' lelopean, manifestazio nazionala egingo du Ernaik Donostian

50 urte beteko dira irailaren 27an frankismoak FRAPeko hiru kiderekin batera ETAko Juan Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi fusilatu zituela. Data horren testuinguruan, Sortuk ekitaldi nazionala antolatu du Iruñean, eta Ernai gazte erakundeak manifestazioa egingo du Donostian, estropaden egunean.
Ernairen esanetan, “Euskal Herriaren alde konprometitu zen belaunaldi baten parte” izan ziren Txiki eta Otaegi, “askatasunaren alde borrokatzeagatik eraildako bi gazte independentista”. Ordea uste dute erailketa horiek egin arren, “ez dutela sekula herri honen askatasun nahia isilaraztea lortuko”.
“Duela 50 urte belaunaldi oso bat altxatu zen euskal Herriaren alde, eta urte guzti hauetan, hamaika belaunaldik egin dute bat gure herriaren aldeko borrokarekin”, esan dute zabaldutako bideoan.
Gaur egungo gazteei ildo berean lan egiteko deia egin nahi du gazte erakundeak Ekin eta bultza kanpainarekin, eta testuinguru horretan izango da mobilizazioa: “Orain, gu gara herri honek merezi duen etorkizunagatik borrokan jarraitzen dugunak. Gaur egungo gazteei inoiz baino indartsuago bultzatzea tokatzen zaigu”.