Zinemaldiak 47,9 milioi euroko «inpaktu ekonomikoa» sortu zuen iaz

Ikertalde aholkularitza taldeak egindako txostenetik ondorioztatzen denez, Zinemaldiak 47,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu zuen iazko 72. edizioan. Hiriarentzat eta lurralde osoarentzat “motor ekonomiko garrantzitsua” dela ziurtatu dute Zinemalditik, “inpaktu onuragarria duena enpleguaren sorkuntzan zein hiriaren ospea eta zabalkundea bultzatzeko orduan”.
Sortutako 47,9 milioi euroko inpaktu ekonomiko totala hiru zatitan banatzen du azterketak. Horietako batek, 18,3 milioi euroan zenbatesten du jaialdiaren antolakuntzari esleitutako inpaktu ekonomiko zuzena. Kopuru horretan, bai zerbitzuen eta pertsonen kontratazioa (12 milioi euro), bai Zinemaldia aurrera eramateko jarduerekin lotutako pertsonek EAEn egindako egonaldien eta kontsumoen ondoriozko ekarpena (6,3 milioi euro) sartzen dira.
Bestalde, zeharkako inpaktu ekonomikoa ere badago, 14 milioi euroan kuantifikatu dena eta ikus-entzuleen mobilizazioari dagokiona; hau da, sarreren erosketan bildutako dirua eta jaialdira gerturatzen diren ikus-entzuleek egindako erosketak eta kontsumoak. Kopuru horretatik zatirik handiena Zinemaldira Donostiatik kanpo etortzen diren eta hirian edo inguruan ostatu hartzen duten bisitariei dagokie (10,7 milioi euro), eta, gainontzekoa, berriz, donostiarrei (ia 2 milioi euro) eta ostatu hartzen ez duten bisitariei (milioi bat euro).
Azkenik, eragindako inpaktua ere badago, ia 16 milioi euroan zenbatetsi dena. Kopuru horretan ekonomiaren balio-kate osoko salerosketa-gastuak eta mobilizazioak sartzen dira.
Bestalde, txostenak kulturan egindako inbertsio publikoak dituen ondorio onuragarriak ere aztertzen ditu, izan ere, Zinemaldiak 8,4 milioi euroko itzulkin ekonomikoa eragin zion administrazioari zergetan eta bestelako diru sarreretan.
Enpleguari dagokionez, Zinemaldiak urte osoko 40 langile ditu plantillan, eta, horrez gain, 2024an, 320 kontratu egin ziren jaialdia aurrera eramateko behar espezifikoei erantzuteko –horietako % 80 irailean–.