'Impunes' liburua argitaratu du Iñaki Egañak, BVEren ibilbide ilunaren errepasoa

Iñaki Egaña historialari donostiarrak Impunes liburua aurkeztu zuen atzo (hilak 18) Hontza liburu dendan, bere lan berriena. Batallon Vasco Español (BVE) talde armatu ultraeskuindarraren ibilbidea du hizpide liburuak eta Txalaparta argitaletxeak argitaratu du, Josu Urrutikoetxearen hitzaurrearekin. BVEren sorreraren 50. urteurrenaren harira argitaratu du lana donostiarrak.
1975ean jaioa, 1983ra arte egon zen aktiboan BVE, eta gutxienez 40 euskal herritar hil zituen urte horietan, baita ehunka zauritu ere, Espainiako Estatuaren zerbitzu sekretuen babesarekin, Egañak azaldu zuenez. GAL talde parapoliziala ezagunagoa da, baina BVEk hamahiru hildako gehiago eragin zituen.
Hego eta Ipar Euskal Herrian egin zituen bere atentatuak talde ultraeskuindarrak nagusiki, baina baita harago ere, erbesteko euskal errefuxiatuen aurka jo baitzuen Venezuelan, esaterako. Nagusiki, ezker abertzaleko militanteen aurka jotzea zen taldearen xedea, baina bere jardun iluna zabala izan zen, ikastolen aurka ere jo baitzuen, besteak beste.
Hilketez gain, desagerpen entzutetsu batzuk daude BVEren gain, hala nola, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur (1976), Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra (1980) eta Tomas Hernandezena (1979). Bortxaketa ere erabili zuen talde ultraeskuindarrak behin baino gehiagotan, tartean, Donostian: Maria Jose Bravo gaztea bortxatu eta hil zuten Loiolan 1980an eta haren bikotekide Javier Rueda erasoan pairatutako zaurien ondorioz hil zen handik urte batzuetara. Biak biktima gisa onartu zituen Balorazio Batzordeak 2023an, udalak plaka bat jarri zuen Bravoren omenez 2022an eta auzi horren inguruko erreportajea egin zuen hedabide honek 2020an.
50 liburu
Amara auzoan jaioa, ibilbide luzeko historialari eta idazlea da Egaña, 36ko gerrari eta euskal gatazkari buruzko gaietan bereizi dena. 50 liburutik gora argitaratu ditu bere ibilbide zabalean, gehienak historikoak. Era berean, hedabide ugarirekin kolaboratu izan du eta kolaboratzen jarraitzen du, hala nola, IRUTXULOKO HITZArekin.