Egiako lurpeko igarobidea bihar zabalduko dute
Astelehenean itxiko dute obrek iraun duten bitartean azpiko igarobidea ordeztu duen oinezkoentzako behin-behineko igarobidea.

Norteko geltokiaren obrak amaitzen ari dira dagoeneko, eta bihar, larunbata, zabalduko dute Egiako igarobidea, terminala lurpetik zeharkatuta hiriaren erdigunea eta Urumea ibaiaren ingurua auzoarekin lotzeko. Horrez gain, astelehenean itxiko dute obrek iraun duten bitartean azpiko igarobidea ordeztu duen oinezkoentzako behin-behineko igarobidea. 2021eko urriaren 28tik egon da itxita lurpeko igarobidea, eta hasieran, 2024ko urtarrilean irekitzea aurreikusten zuten.
Irekieraren berri emateko, pasabidean bertan izan da gaur goizean Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, Miguel Angel Perez Azpiegituretako eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordearekin eta Antonio Lopez Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarekin batera. Otsailean ireki zuten berriz geltokia behin-behineko konfigurazioarekin, eta orain, igarobide hori berriro irekiko dutela jakinarazi du, oraindik obrek jarraipena izango badute ere.
“Igarobide berriak ez du aurrekoarekin zerikusirik, askoz zabalagoa izango da, argiztapen hobea izango du eta ingurunearekin hobeto integratuta egongo da”, nabarmendu du sailburuak. Hain zuzen ere, udazkenetik aurrera, bertatik sartu ahal izango da aldirietako eta distantzia erdiko trenbide zerbitzuetarako lurpeko atarira; obra amaitzean, berriz, distantzia luzeko atarira ere bertatik sartu ahal izango da.
Obrak, bereizita
Datozen hilabeteetan lanekin jarraituko dutenez, pasabidearen zati bat oinezkoentzako prestatuko dute, eta beste zati batean lanean jarraituko dute langileek. Horretarako, albo bakoitzean itxiturak egongo dira, eta oinezkoak eta obrak bereiziko dituzte.
Gainera, sailburuak jakinarazi duenez, une jakin batzuetan espazio batzuk mugatu egingo dituzte, sabaietako eta zoladurako akaberak osatzeko —beti ere pertsonak ibiltzeko gutxieneko bost metroko zabalerari eutsiz—. Behin betiko bertsioan, igarobidea hamabi metroko zabalerakoa izango da Urumea ibaiaren aldean, eta 30 metroko zabalerakoa Tabakalera aldean.
Behin-behineko igarobidea
Astelehenean hasiko dira behin-behineko igarobideko eskailerak eta igogailuak kentzen. Aldi baterako, goiko taula mantenduko dute, obraren beharrengatik, zerbitzu batzuk behin behinean desbideratzeko. Ondoren, erabat desmuntatuko dute.
Lanen fase berri honek Tabakalera aldetik hurbilen dagoen nasa osatzea ahalbidetuko du. Jakina denez, trenbide azpiegitura berriak trenbideen zabalgunearen konfigurazio berria ekarriko du, bost nasa izango dituen sei trenbideko sorta berria ezarriz. Zabalera mistoko kanpoko trenbideak (hirugarren erreia dutenak) aldirietako trafikorako izango dira, eta barruko lau trenbideak, nazioarteko zabalerakoak, distantzia ertain eta luzeko trenen zirkulaziorako. Trenbidearen elektrifikazioak eta seinaleztapen eta komunikazio instalazioak osatuko dituzte trenbideko lanak.
Horrez gain, Tabakalera eraikineko lehen solairuko kotan dagoen trenbide zabalgunearen gaineko plaza ere eraikiko dute. Duela gutxi arte, behin-behineko geltokiak hartzen zuen, eta Egia aldetik hurbilen dagoen zatiko lanak ari dira egiten.