El Gran Wyoming eta David Lynch lotu ditu Beldurrezko Asteak

Jose Miguel Monzon El Gran Wyoming da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiaren 36. Asteko kartel ofizialaren protagonista. Telebistako aurkezle, umoregile, aktore eta musikaria da, azken urteetan El intermedio albistegia aurkezten du La Sexta-n. Telesail eta film ugaritan ere lan egin du, besteak beste, Muertos de risa (199), Buñuel y la mesa del rey Salomón (2001), Vivancos 3 (2002) eta Isi/Disi: Alto voltaje (2006).
Gau Beltzean, urriaren 3n hasi eta azaroaren 7ra luzatuko den jaialdiaren kartelak urtarrilaren 16an hil zen David Lynch (1946-2025) zuzendari estatubatuarra omendu nahi du. Horretarako, fantasiazko generoaren historiako puntako zinemagileetako bat zenaren lehen filmaren kartela, Eraserhead (1977), birsortu dute, protagonistaren lekuan Monzon jarrita. Astearen arduradun Josemi Beltranek azaldu duenez, “amesgaiztoen erregea” hiltzean, hura omentzeko asmoa eta El Gran Wyomingekin lan egiteko nahia lotu ziren. Irudia zinemazale ez direnentzat horren ezaguna ez bada ere, egokiena iruditu zitzaien. Bitxikeria gisa, itzalaldiaren ondorengo egunean egin zuten argazkia Madrilen.
Kartelaren protagonistak bere ikur den ironiaz eta umorez azaldu du bere parte hartzea. Gogoratu duenez, digitalki egingo zutela uste omen zuen, baina hori beharrean, lan artisaua egiten duten zinemazalez osatutako lantaldea eta “erabat frikia” den jaialdi batekin topo egin zuen. Are gehiago, horrenbeste lan ordu izango zirela jakin izan balu, egingo ez lukeela ere esan du: “bokaziorik ez dut eta zaharra naiz”. Irudiari buruz, berriz, “garai hobeak ezagutu dituen sobietar lider” baten itxura duela adierazi du.
Luis Buñuel, zinemaren beste surrealista handiaren azalean jarri zen Monzon, eta orain Lynchen munduan sartu da kartel honi esker. Kultuzko filma estreinatu zuenetik, Lynchen ibilbideak fantasiazko generoa zeharkatu zuen bere lan gehienetan. Lynchi buruz, El Gran Wyomingek aipatu du zinema munduko jendeak asko zor diola, bai lehen lan honengatik bai gainerako guztiengatik. “Mundu misteriotsu, narras horrekiko kezka, perbertsioaren eta psikopatiaren arteko muga argi ez dagoena. Dena horrelakoa da bere munduan”.
hdhhd
2013an kartelaren protagonista izan zen Javier Gurrutxaga musikagilearekin lan egin zuen Vivancos 3 filmean, eta Monzonek gogoratu du bere pertsonaiak hil egin behar zuela Gurrutxagarena, baina musikari donostiarrak ez zuela nahi. Iaz kartelaren protagonista izan zen Alex de la Iglesiaren Muertos de risa filmean parte hartu zuen eta horri buruz galdetu dio Beltranek. Zuzendari “oso organikoa” dela esan du, “Vietcomaren aurkako guerrillan sartzearen parekoa da”, hau da, eguraldiak edo bestelako aldagaiek ez dutela gelditzen. Filmari buruz, berriz, haren inguruko publizitate kanpainak kaltetu zuela esan du, izan ere, “zinema aretoetara joan zen publikoak ez zuen filmarekin zerikusirik.Pajares eta Estesoren film bat espero zuten”. Egiaz, ordea, komedianteei buruzko tragikomedia zen.
Eraserhead ikusgai izango da jaialdian. Beltranen esanetan, “aukera eman behar diogu publikoari Lynchen lehen esperimentu hau disfrutatu edo sufritzeko”. Monzonek bigarrenaren alde egin du filma definitzeko oinetakoan garbantzu bat duzula maratoi bat egitearekin parekatuta. “Ez du atsedenik ematen”:
Astean izena emateko epea
Hilaren 13tik zabalik dago aurtengo Beldurrezko Astean film luze eta laburretan izena emateko epea. Azken kategoria horretan, Espainiako Film Labur Onenaren Syfy eta EITBK ematen duen Euskal Film Labur Onenaren sariak banatuko dituzte, beste behin. Izena emateko oinarriak eta jarraibideak zinemaldiaren webgunean daude.