Intxaur jaiez gozatzeko egun bat gehiago izango dute auzotarrek
Ekainaren 26an hasi eta 29ra bitarte luzatuko dituzte Intxaur jaiak. Hau da, estreinakoz, lau eguneko egitaraua izango dute. Halere, biharko bigarren Intxaur Krosarekin hasiko dira auzoa girotzen eta intxaurrak kraskatzen.

Prest dute intxaur kraskagailua, oraindik astebete falta den arren. Intxaur jaiak ospatzeko gogotsu daude auzotarrak, eta, aurten, egun bat gehiago izango dute festez gozatzeko. Izan ere, ekainaren 26tik 29ra bitarte izango dira. Estreinako aldiz lau eguneko egitaraua prestatu du jai batzordeak. «Martxa hartzea kostatu zitzaigun arren, inoiz baino hobeto moldatu gara jaiak antolatzeko. Duela hiru urte gazte asko sartu ziren jai batzordean, eta sentsazio zein giro onarekin prestatu ditugu aurtengo jaiak», aitortu du Manex Mendiburu jai batzordeko kideak.
Azken urteotan Intxaur jaiek izandako harrera onari esker, hiru egunetik laura pasatzeko erabakia hartu dute. Hori da berritasun esanguratsuena, baina beste nobedade batzuk ere badirela dio Mendiburuk: «Txarangak eta elektrotxarangak egunero izango ditugu, giro polita jartzen dutelako. Gainera, karrookea berreskuratuko dugu lehen egunean. Duela bi urte egin genuen lehen aldiz, eta iaz faltan bota zuen jendeak». Horrekin batera, petanka txapelketaren finala programatu dute, auzoko adineko pertsonek gehien estimatzen duten jarduera. «Intxaurrondon bi petanka gune daude, eta adineko asko aritzen dira egunero jokatzen. Gurean ere lekua izango dute aurten», adierazi du Mendiburuk.
Sagardo dastaketa
Egitarauan azken urteotan txertatu dituzten jarduera berriei jarraipena emango diete. Horietako bat da sagardo dastaketa, pasa den urtean aurrenekoz egin zutena. «Harrera oso ona izan zuen, eta argi ikusi genuen aurten errepikatu behar genuela», nabarmendu du Mendiburuk. Mozorro egunari ere erreparatu dio, sare sozialen bidez egindako inkestak oihartzun polita izan duelako: «Jaietako lehen egunean egingo dugu mozorro eguna. Gure Instagram kontuan inkestatxo bat egin genuen gaia zehazteko. Lau aukera jarri genituen, eta gehiengoak filmetan oinarrituriko mozorroen alde egin zuen. Ikustekoa izango da ekainaren 26ko mozorro eguna».
Intxaur jaietako batzordea soilik gazteek osaturikoa den arren, urtez urte adin guztietara iristeko asmoa berretsi dute aurten. «Gure helburua da haurrentzako, gazteentzako, helduentzako eta adinekoentzako jarduerak antolatzea», dio Mendiburuk. Adinekoentzako petanka txapelketaz gain, haurrei begira jarri dira. «Haurrentzako jolasak hiru egunetan programatu ditugu. Iaz, soilik ostiralean eta larunbatean izan ziren, baina beste egun baten beharra zegoela ikusi genuen. Aurten, ostegunean ere izango dituzte jolasak».
Musika emanaldiei dagokienez, orain arteko formula bera mantenduko dute. «Gure auzoan kontzertuek baino harrera hobea izan ohi dute musika jartzaileek. Horrela, lau egunetan izango ditugu hainbat DJ», esan du Mendiburuk.
Intxaur krosa
Bigarren urtez jarraian, Intxaur krosa egingo dute datorren asteko Intxaur jaien aurrekari gisara. Bihar izango da, 12:00etan, Ametzagaina parkean, iazko ibilbide berdinarekin. 4,7 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek, eta aldapa gogorrak izango dituzte bidean. Izen ematea 5 eurokoa da. «Intxaur jaiak iragartzen dituen lasterketa da, gero eta gertuago daudelako», dio Mendiburuk.

Suaren inguruko dantzak bizituko dituzte
Astelehenean piztuko dute Intxaurrondoko sanjoanetako sua, Bernart Etxepare plazan. Aldaketen urtea izango dela aitortu dute antolatzaileek. Bat ona eta bestea ez hain ona. Batetik, auzotar gehiago elkartuko dira suaren inguruan dantza egiteko. «Entseguetan jende asko elkartu gara; haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak. Pozgarria da hori», nabarmendu dute. Bestetik, ordea, sardina jana ez egitea erabaki dute: «Arrakastatsua izan ohi da urtero, baina horretaz arduratu izan den elkarteak aurten ezin du». Horrela ere, egitarauaren oinarria mantendu dute auzoan sanjoanak bizirik mantentzeko.