Iturrino anaiak: Polloeko mausoleoan ehortzitako falangista ezagunak
Ehundik gora dira Polloeko mausoleo frankistan lurperatuta dauden gorpuak. Horien artean, hamazazpi errepublikazale identifikatuta daude, baita frankista ugari ere. Tartean daude hainbat falangista ezagun, besteak beste, Iturrino anaiak.

Edozein garai definitu daiteke, hein handiagoan edo txikiagoan, garai nahasi eta tentsio handiko gisa, baina gure inguru geografikoari dagokionean, 1930eko hamarkada bereziki nahasia izan zen. Primo de Riveraren diktadura erori berritan (1923-1930), Espainiako Bigarren Errepublika indarrean egon zen urte batzuez (1931-1939), baina orduan garatzen ari zen faxismoa, Espainiako tradizionalista gehienen babesarekin, erregimen demokratikoa suntsitzeko konspiratzen ari zen. Mugimendu horren erakusgarri agerikoena Falange Espainola izan zen, kalean indarkeria erabiltzeko zalantzarik ez zuena, altxamendu frankista babestu zuena eta ondoren diktaduraren parte garrantzitsu bat izan zena.
Donostian, Iturrino Almansa anaiak —Jesus, Mario eta Augusto (Amalio gisa ere agertzen da erregistro batzuetan)— ziren Falangearen buruak eta militante ezagunenetakoak, alderdiaren Donostiako sortzaileen artean baitzeuden, eta SEU sindikatu falangistako kideak ere bazirelako. Errepublikaren garaiko giro politiko bortitzaz eta Iturrino anaiek Falangean zuten paperaz jabetzeko balio du Mario Salegi gudari donostiarrak (Donostia, 1918-New York, 2005) Iñaki Egaña historialariari Mario Salegi. La pasión del siglo XX (Txalaparta, 1999) liburuan kontatutako pasarte honek: «Garai hartan, iskanbilak egoten ziren egunero, eta armatuta ibili ohi ginen. Bulebarrean, sozialistak eta komunistak elkartzen ginen egunkariak saltzen, eta falangistekin borrokatzen ginen, Iturrino anaien zuzendaritzapean egoten zirenak. Hain justu, nik beraiekin ikasten nuen eta ondo ezagutzen nituen».
1936ko uztailean, Francok altxamendu faxista egin eta 36ko gerra lehertu zenean, borrokaldi latzak izan ziren Donostiako kaleetan, biktima askorekin, baina errepublikazaleek Loiolako kuarteletako kolpistek amore ematea eta hiriaren kontrola bereganatzea lortu zuten, Donostiako Komuna gisa ezagutzen dena abiatuz. Handik bi hilabetera sartu ziren frankistak Donostian, baina ordura arte, hirian gelditzen ziren faxisten aurka jo zuten milizianoek, justizia eta arma hornidura bila. Herriaren aurka altxa ziren horien kontrako justizia eta mendeku egarria agerikoa zen donostiar askoren artean, Manuel Chiapuso anarkista donostiarraren (Donostia, 1912-Barakaldo, Bizkaia, 1997) Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La Comuna de San Sebastián (Txertoa, 1977) liburuko Jesus Iturrino Falangearen tokiko buruaren atxiloketaren inguruko pasarte batean irakur daitekeenez: «Nire belarrietara jendeak kaletik botatzen zituen oihuak entzuten ziren: ‘Hiltzeraino! Hiltzeraino’».
Iturrino anaiak izan ziren falangismo gipuzkoarraren martiri nabarmenenak. Arrasate kaleari Hermanos Iturrino izena jarri zioten
Hirurak exekutatuta
Errepublikanoek hiru anaiak exekutatu zituzten uztailean (hurrengo datak eta adinak udalak eta Aranzadik osatutako Donostia.eus/1936 atarikoak dira): Jesus anaia zaharrena uztailaren 24an, atxiloketaren ondoren paseatuta (24 urte zituen); Mario kuarteletan harrapatu, Ondarretako espetxera eraman eta bertan hil zuten, hilaren 30ean (22 urte) eta Augusto, altxamenduaren aurretik espetxean zegoena, bertan hil zuten, hilaren hilaren 29an (20 urte).
Urte hartako irailean, ordea, frankistek bereganatu zuten hiriaren kontrola, baita errepresio bortitza eta euren «erorien eta martirien» glorifikazioa abiatu ere. Hain zuzen ere, Iturrino anaiak izan ziren falangismo gipuzkoarraren martiri nabarmenenak, Pedro Barruso Baresek Memoria e historia de la Guerra Civil. Los lugares de memoria en San Sebastián artikuluan azaldu zuenez. Besteak beste, egungo Arrasate kaleari Hermanos Iturrino izena jarri zioten 1937an, eta hala izan zen 1979ra arte. Autore horrek jasotako informazioaren arabera, irailaren 27an egin zieten hileta, Santa Maria elizan, euren ama, arreba eta hainbat agintari falangista presente egonik; bitxikeria gisa, agintariak elizan sartzean, Agur Jaunak abestu zela dio autoreak.
Polloeko hilerrian lurperatu zituzten hiru falangistak; hasieran, hilobi partikular batean. 1939an, ordea, Martirien Mausoleoa eraikitzen hasi ziren, frankismoaren «martirien eta erorien» omenezko monumentua, eta bertara lekualdatu zituzten Iturrino anaiak, hiriko beste hainbat frankista ezagunekin batera, hala nola, Paulino Astigarragarekin batera —El Diario Vasco-k 1937an argitaratutakoaren arabera, bera izan zen errepublikanoen Donostiako lehenengo biktima, 1936ko uztailaren 20an—.

Iturrino anaien ama eta arreba, elizaren atarian, hiletaren ostean, faxistekin.Pascual Marin/Kutxateka
Aranzadi Zientzia Elkarteak mausoleoan ikerketa egin zuen 2022an, eta baieztatu zuen bertan 121 gorpu daudela ehortzita, baina denak ez direla frankistak, ezta gutxiago ere: hamazazpi miliziano errepublikazaleren gorpuzkiak identifikatu ahal izan zituzten, eta beste askoren filiazio politikoa ez dago argi, nahiz eta hainbat historialarik azaldu izan duten moduan, litekeena da horietako hainbat errepublikanoak izatea. Erakunde publikoek mausoleoaren «esanahia aldatu» zuten, baina gorpuzkiak nahastuta daudenez, ezin izan zituzten milizianoak bertatik atera. Eta demokraziaren eta herriaren interesen alde borrokatu ziren milizianoek bertan jarraitzen dute, euren borreroekin nahastuta eta euren borreroek eraikitako gurutze katoliko eta frankista baten azpian.