Legebiltzarrak atzera bota du Polloeko mausoleo frankistako gurutzea botatzeko proposamena

Sumarrek Eusko Legebiltzarrean proposatu du Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban oraindik dauden ikur frankista guztiak identifikatzeko eta kentzeko, tartean Donostiako Polloe hilerriko mausoleo frankistako gurutzea aipatuz. Proposamena ez da aurrera atera, ordea, aurkako botoa eman dutelako EAJk, PSE-EEk, PPk eta Voxek; Sumarrek berak eta EH Bilduk baino ez du babestu testua. Gipuzkoako CNT sindikatuak gurutze hori botatzeko eskaera ofiziala egin zuen duela hilabete batzuk udalean, eta helburu horrekin berarekin, bide judiziala abiatu berri du.
Jon Hernandezek egin du proposamena, Sumarreko legebiltzarkide eta Euskadiko EPK alderdi komunistako idazkari nagusiak, eta gogorarazi du gurutzea frankistak “loriatzeko” eraiki zutela, eta euren biktimak “umiliatzeko”. Gogoratu behar da, hain zuzen ere, mausoleo horretan 121 gorpu daudela ehortzita, tartean, Iturrino anaien moduko falangista ezagunak, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hamazazpi miliziano antifrankista identifikatzea lortu zuela, gorpu horien guztien artean nahastuta.
Horrela, Sumarrek eta EH Bilduk babestu duten proposamenak gurutzea kentzeko eskatzen zion Gogora Institutuari eta Donostiako Udalari. EAJk eta PSE-EEk, aldiz, duten gehiengoa baliatu dute beste testu bat onartzeko, mausoleoari beste esanahi bat eman zitzaiola argudiatuta. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari eskatu diete jarraitzeko “biktima guztiak duintzeko lanetan”, “Euskadiko memoria demokratikoaren aurkako elementuei beste esanahi bat ematen” eta mausoleoan lurperatuta daudenen zerrenda eguneratzeko.
Martirien Mausoleoa, urte luzez ukitu gabe
Polloeko mausoleoko esanahia 2023an aldatu zuten erakundeek, han urte luzez ikusgai egon zen plaka frankista kenduz eta bertan hainbat frankistekin lurperatuta dauden borrokalari errepublikanoak omenduz. Martirien Mausoleoa izan zen ordura arte gunearen izena, frankistek jarritakoa, eta A la memoria de los asesinados por defender sus ideales, de Dios y España. Una oración por sus almas zioen plaka bat zuen jarrita.
Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko historialari eta hedabide honetako kolaboratzailea izan zen mausoleoa aztertzen lehena: «Garai hura bizi zuten herritar batzuen testigantzei esker, jakin nuen mausoleoan errepublikano batzuk lurperatu zituztela», azaldu zion hedabide honi, 2022an, mausoleoari buruzko erreportaje batean.
2021era arte, aldiz, ez zen esku hartzerik izan mausoleoan. Urte hartan, EH Bilduk mausoleoari buruzko iradokizun bat aurkeztu zuen Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean, Egañaren ikerketak eta Itsaso Bikuña Dinamita Tourreko kideak IRUTXULOKO HITZAn 2021eko azaroan argitaratutako iritzi artikulu bat aipatuz —aurretik, 2020an, mausoleoari buruzko erreportaje laburra argitaratu zuen hedabide honek—. Iradokizun haren harira, Aranzadiri ikerketa egiteko eskatu zion udalak, ikerketa horren bidez hamazazpi miliziano identifikatu zituzten —askoz miliziano gehiago daude identifikatu gabe— eta horren ondoren etorri zen esanahi aldaketa.