Paumen habia bat lapurtu edo suntsitu dutela salatu du Parkea Bizirik elkarteak

Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteak salatu duenez, Egiako parkearen aldamenean zegoen paumen habia bat lapurtu edo suntsitu dute. “Herenegun, hilaren 18an, pauma eta haren arrautzak desagertu zirela”, ohartarazi dute.
Hain zuzen ere, pauma horri eta haren habiari jarraipena egin dio elkarteak, eta jakinarazi dute zortzi arrautza errun zituela, “dokumentatutako altuena lehenengo pauma bikotea parkera 1977an iritsi zenetik”. Normalean hirutik bostera arrautza erruten dituztela gaineratu dute, “kopururik errepikatuena hiru izanik”.
Errunaldiari berari ere jarraipena egin zioten: “Habia lurrean zegoen, parkeko murru perimetralaren ondoan, baina handik at, zehazki, zero kotatik zenbait metro gorago dagoen parterre batean. Inkubazioa amaitzear zegoen, baina prozesu naturaletik kanpoko zerbaitek suntsitu egin du. Ekainaren 14an pauma oraindik etzanda zegoen. Arrautzak kontu handiz biratzen zituen, enbrioiak oskolari itsatsita gera ez zitezen, eta garapenak normaltasunez jarrai zezan. Hala ere, hilaren 18an jakin genuen arrautzak eta pauma desagertu zirela”.
Paumaren habia horrek auzotarren eta merkatarien artean ikusmina eta poza sortu zituela gogoratu du elkarteak. “Orain, frustrazioak eta haserreak ilusioa eta irribarrea ordezkatu dituzte”, deitoratu dute.
Egiako parkean gertatzen ari dela azaltzea “oso garrantzitsua” dela dio Parkea Bizirik elkarteak: “Loiolako Erribera eta Egia auzoen arteko oinezkoen igarobide bihurtzera behartu zuten parkea Odon Elorza alkate zen garaian. Pertsona lotsagabeen bandalismoa. Masifikazioa. Era askotako giza jarduerak eta presioak. Parkean ibiltzen diren txakur lotu eta askeen kopurua, basa faunari eta lurrean habia egiten duten hegaztiei beldurra eragiten dietenak, hala nola paumei edo basahateei. Udalak urtero antolatzen duen Glad is the day gisako musika jaialdiak —iaz 25.000 pertsona bertaratu ziren, ingurumen eraso basatia bihurtu zelarik—. Horiek guztiak, besteak beste, basa bizitza egoera itogarrira eta animalien gutxitzera bideratu dute”.
Hori dela eta, udal gobernuari eta oposizioko alderdiei eskatu diete parkearen balio naturalen alde lanean diharduten natura zaleekin batzartzeko. “Flora eta fauna babesteko eta azaldutako arazoak arintzeko kudeaketa ildo nagusiak zehaztu behar dira. Era berean, denbora eta eraginkortasuna irabazteko, bilera horiek bateratuak izan daitezela eskatzen dugu eta parkea kudeatzen duten sailetako arduradunak ere partaide izan daitezela”, nabarmendu dute.