Parte Zaharrak hartu du Antigua
Herri kiroletako buruz burukoa jokatu dute arratsaldean Antiguako frontoian, eta kanpotarrek irabazi dute.

Estua eta bizia izan da Antiguako San Joan jaien baitan antolaturiko herri kiroletako buruz burukoa. Antiguako frontoiko harmaila bete dira etxekoen eta Parte Zaharrekoen arteko lehia bertatik bertara ikusteko. Bi aizkolari izan dituzte luxuzko gonbidatu gisa. Arkaitz Etxebeste Antiguarekin aritu da, eta Aratz Mugerza Parte Zaharrarekin.
Arratsaldeko seiak pasatxo zirenean hasi da dema. Eta herri kiroletako sei probari aurre egin behar izan diote bi taldeek: aizkora —bi gonbidatuen partetik—, lokotx bilketa, trontza jokoa, txinga eramatea, 50 kiloko harria —bost altxaldi bakoitzeko— eta zaku pisu lasterketa. Bakoitzeko bost buelta egin dituzte, erreleboka.
Antigua aurretik jarri da bigarren bueltan, baina Parte Zaharrak berdindu eta gainditzea lortu du hirugarren bueltarako. Ordea, etxekoek berriz ere aurre hartu diete, eta horrela iritsi da aizkolarien azken buruz buruko erabakigarrira. Mugerzak moztu du azken enborra, eta Parte Zaharrak irabazi du buruz burukoa.
Horrela ere, kirol legez ospatu eta txalotu dituzte parte hartzaile guztiak.

















































