Donostiarra B trainerurik gabeko KAE liga hasi da
Ezin izan dute bigarren taldea osatu, eta utzitako hutsunea Kantabriako Castro traineruak bete du.

Pasa den sasoian KAE 1 ligara igo ondoren, Donostiarra B ez da ariko gizonezkoen arraunaren bigarren mailan. Ezta hirugarrenean ere. Bigarren trainerua osatzeko arraunlari faltarengatik, uko egin behar izan diote uretan lorturikoari. Horrela, asteburuan abiatu diren KAE 1 eta KAE 2 ligek ez dute Donostiako ordezkaririk izango sasoi honetan.
Hamabi dira KAE 1 ligan nor baino nor lehian diren klubak. Horietatik lau dira gipuzkoarrak: San Pedro, Zarautz, Zumaia eta Hondarribia B. Gainerakoak dira Bizkaiko Arkote, Deustu eta Santurtzi, Ipar Euskal Herriko Lapurdi eta Kantabriako Astillero, Camargo, Castro eta Pedreña. KAE 2 ligan, berriz, sei traineru daude: Gipuzkoak Hibaika eta Orio B, Bizkaiko Busturialdea, Lutxana eta Portugalete, eta Kantabriako Laredo.
Bestalde, emakumezkoen ETE liga ere pasa den asteburuan hasi da, Donostiako trainerurik gabe. Guztira, bederatzi talde daude emakumezkoen bigarren mailan: Gipuzkoako San Juan, Zarautz eta Hernani, Bizkaiko Deustu, Isuntza, Kaiku, Ondarroa eta Portugalete, eta Kantabriako Camargo.
Eusko Label Liga eta Euskotren Liga, berriz, uztaileko lehen asteburuan abiatuko dira, Bizkaiko uretan. Uztailaren 5ean izango da lehen jardunaldia Bilbon, eta uztailaren 6an bigarrena Sestaon.