Galdutakoa irabazita, bigarren mailara
Realaren bigarren taldeak Nastic gainditu du Zubietako partida erabakigarrian, nahiz eta kataluniarrek luzapena behartu duten.

2024-2025ko denboraldia borobildu du Realaren bigarren taldeak. Eskura zutena lortzeko asko sufritu arren, bigarren mailan ariko dira datorren sasoian. Atzo Zubietan Tarragonako Nasticen kontra jokaturiko finaleko itzulerakoa, ez dute berehalakoan ahaztuko.
Arerioa baino gehiago izan arren, kataluniarrak jarri ziren markagailuan aurretik, eta luzapena behartu zuten arauzko denboran kanporaketa berdinduta (0-2). Izan ere, Realak irabazi zuen joanekoa (1-3), eta bi goleko abantaila kudeatzea kosta zitzaien. Nasticek, berriz, hirugarren gol bat behar zuen igoera ziurtatzeko. Luzapenean, ordea, Realaren alde adierazitako penalti batek erabaki zuen dena. Gibelaldek ez zuen hutsik egin, eta gol horri esker igo dira bigarren mailara (1-2).
Jokalari gazteen heldutasunarekin batera, lorturikoaren erantzukizuna Sergio Francisco —denboraldian zehar— eta Iosu Rivas —kanporaketetan— entrenatzaileena da. Harrobiari zukua atera diote bigarren mailara bueltatzeko.