Manteon irisgarritasuna bermatzeko egitasmo bat prestatu dute auzotarrek

Basque Culinary Center fundazioaren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitzaren eraikuntzak nabarmen baldintzatu eta kaltetu du Manteoko irisgarritasuna. Nafarroa etorbidetik auzunera igotzeko eskailera eraitsi ondoren, bizilagun askoren mugikortasuna mugatu dute.
Hori dela eta, Manteoko auzotarrek irisgarritasunaren aldeko proposamen bat prestatu dute, eta etzi aurkeztuko dute Okendo Kultur Etxean, 19:30ean. “Auzoaren irisgarritasun integrala bermatzeko proposamena da”, aurreratu dute. Zehazki, Manteoko eskailerak eta Rodil kaleko zirkulazioaren bi noranzkoak mantentzeko irtenbide tekniko eta bideragarri bat prestatu dute.
Donostiako Udaleko ordezkariak gonbidatu dituzte kultur etxeko batzar irekira, auzotarrekin batera irtenbide alternatiboa aplikatzeko aukera errealak aztertu ditzaten.