15.500 hikazale izan dira Euskaraldian Gipuzkoan

19.000 baino gehiago izan dira Euskaraldia Hikan parte hartu duten herritarrak. Izena emandako 83 herrietan Euskaraldian izena eman dutenen batez beste %41 animatu da txapan H gometsa ipintzera. Gipuzkoan 15.500 pertsona, Nafarroan 2.000 eta Bizkaian 1.500, gutxienez. Hitanoaren erabilera handitzea helburu duen ZirHika taldeak Tauparekin elkarlanean antolatu du Euskaraldia Hika, Euskaraldiaren barruan.
ZirHikako kideek balorazio oso positiboa egin dute: “Hitanoarekiko interesa erakutsi dute milaka herritarrek eta hori oso pozgarria da”. Euskaraldia Hika “arrakastatsua” izan dela diote, mugimendu handia sortu dela eta aurreikuspenak gainditu egin direla: “Espero dugu han eta hemen hitanoa biziberritzeko gogoa piztu izana”.
Euskaraldia Hikan ariketa nagusia txapan H gometsa eramatea izan da. H-aren esanahia: “Nahi baduzu, nirekin hika hitz egin dezakezu”. Ariketa hori egiteaz aparte, gutxienez 38 herritan hitanoa bultzatzeko ekimenak ere egin dituzte: hitano ikastaroak, hika-poteoak, hikadromoak, lehiaketak, hika bertso-saioak, hitanoaren gaineko hitzaldiak eta mahainguruak… Herrian herriko hitanoa ikasteko txuletak eta Appa Hi! aplikazioak ere prestatu dituzte. “Herri batzuetan aurretik ere bazebiltzan hitanoa bultzatzeko lanetan, baina beste herri batzuk orain aktibatu dira, Euskaraldia Hikarekin”.
Herri oso euskaldunetan izan du arrakasta handiena Euskaraldia Hikak, hitanoa bizirik dagoen tokietan: herri batzuetan parte-hartzea %70etik gorakoa izan da. Hori bai, hain euskaldunak ez diren beste herri batzuetan ere egin dute hitanoaren aldeko apustua: Iruñea, Irun, Urretxu- Zumarraga, Ermua, Errenteria… ZirHikatik nabarmendu dute hitanoa toki guztietan izan daitekeela baliagarria, ez toki euskaldunenetan bakarrik: “Euskarak erregistro informala ere behar du; euskara aberastu egiten du, euskara batua zein euskalkiak”.