San Bartolome Herri Plataformak dio merkataritza zentroa egiteko lizentzia iraungi dela
Donostiak Udalari eskatu diote New San Bartolome enpresari adjudikaturiko obra bertan behera uzteko.

Erdialdeko San Bartolome muinoan aurreikusitako merkataritza zentroa eta lur azpiko aparkalekua egiteko proiektua geldirik dago. Donostiako Udal Gobernuak apirilaren 11n iragarri zuen asmo hori bertan behera uzteko konpromisoa.
Ordutik, ordea, aurrerapausorik ez dela egon adierazi du San Bartolome Herri Plataformak: “Bi hilabete baino gehiago igaro dira, eta ez dakigu alkateak iragarritako konpromisoaren aurrerapenik edo zehaztapenik dagoen”. Horrekin batera, ohartarazi dute udal gobernuak New San Bartolome enpresari emandako obra handien lizentzia iraungi dela.
Tokiko Gobernu Batzordeak 2024ko irailaren 10an adjudikatu zion obra lizentzia enpresari, eta sei hilabeteko epea ezarri zion lanekin hasteko. “Ordea, bederatzi hilabete igaro direnez, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen 216. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, udal gobernuak lizentziaren iraungipena izapidetu beharko luke”, eskatu du plataformak. Artikulu horren arabera, “obrak ez badira hasi, eta lizentzian horretarako ezarritako epea urratzen bada, udalak lizentzia iraungi dela deklaratuko du, interesdunari entzunaldia eman ondoren, inolako kalte ordainik jasotzeko eskubiderik gabe”.
Bestalde, Eneko Goia alkatearen jokabidea kritikatu du plataformak: “Goiak behin eta berriz aipatu duen kontratuaren edukiari buruzko gardentasun faltak jarraitzen du, nahiz eta herritarren plataforma honek dokumentazio publiko hori eskuratzeko eskatu”. Ildo horretatik, bigarren eskaera bat egin diote udal gobernuari: “Obrak gauzatzeko eta urbanizatzeko proiektuetarako sarbidea erraztea, bai eta udalaren esku dauden inpaktu akustikoari buruzko azterlanerako sarbidea ere”.
“Ez da iraungi”
San Bartolome Herri Plataformak egindako eskaeraren inguruan galdetu diote Goiari, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. Alkateak adierazi du lizentzia oraindik indarrean dela: “Ez da iraungi. Iraungitzear zen, baina irailera luzatu zen lizentzia”.