Unax Otegik ohorezko postu bat lortu du gazte mailako Gipuzkoako Itzulian
Donostialdea Bizikletaneko hainbat txirrindularik parte hartu dute lau etapako lasterketan.

Hilaren 20tik 23ra bitartean jokaturiko Gipuzkoako Itzulian, gazte mailako hainbat txirrindularik parte hartu zuten. Tartean, Donostialdea Bizikletaneko ordezkariek. Idiazabalen hasi eta Seguran bukatu zen lasterketan, ziklista bakar bat nabarmendu zen guztien gainetik, Eñaut Urkaregi (GT Tolosa Danena) gipuzkoarra. Lau etapak eta sailkapen nagusia eskuratu zituen.
Andoaingo hirugarren etapan, berriz, ohorezko postu bat lortu zuen Donostialdea Bizikletaneko Unax Otegi hernaniarrak. Laugarren tokian bukatu zuen, eta ez zuen podiuma lehiatzeko aukerarik izan.
Gipuzkoako Itzulia taldeko bi txirrindularik bukatu zuten. Sailkapen nagusian, Unai Iturrate donostiarrak 35. tokian bukatu zuen, eta Otegik 38. postuan. Gipuzkoarren artean 16. eta 17. izan ziren, hurrenez hurren.