Donostiako Harrera Sareak Hernaniko «eraso arrazistak» salatu ditu

Donostiako Harrera Sareak “irmotasun osoz” gaitzetsi ditu ekainaren 24ko goizaldean Hernanin izandako “indarkeria arrazistako ekintzak”.
Azaldu dutenez, Hernaniko eta magrebtar jatorriko bi gazteren arteko liskar batekin hasi zen dena. Borrokaren ostean, hernaniarrak, zauriak zituela eta, salaketa jarri zuen. Sare sozialetatik, ordea, ZIUan zegoela ohartarazi zuten, eta, honela, magrebtar jatorriko pertsonen kontrako “ehiza” bat abiatu zuten 60 bat lagunek.
Hasierako gertakariekin zerikusirik ez zuen gazte magrebtar bat jipoitu zuen jendetza horrek: “Erasoaren larritasunak gaztea udaletxe barruan sartzera behartu du Polizia, hil ez zezaten”. Udaltzainek, egoerari aurre egin ez ziotela ikusita, Ertzaintzari deitu zioten, egoera are gehiago larrituz.
Harrera sareak jakin arazi duenez, beste bi gazte magrebtar jipoitu zituzten gau horretan bertan, hainbat hernaniarrek. “Horietako bati zazpi laguneko talde batek eraso egin dio, eta erasoaren ondoren, baratze batera bota dute. Ospitaleratu egin behar izan dute, eragin dizkioten lesioen larritasunagatik”.
Sare sozialetan “gezurrak eta faltsukeriak” zabaldu izana salatu dute, bereziki @loquenotecuentandedonosti eta @xabierblazquiz gisako kontuek: “Kontu horiek gezurrak zabaldu dituzte, hala nola hasierako liskarrean zauritutako gaztea ZIUn zegoela edo emakume bat bortxatu dutela”. Harrera sarearen ustez, mezu hauek “indarkeria eta etsaitasun giro handiagoa” ari dira eragiten.
Elkarretaratzea egin zuten atzo Hernanin, gertatutako eraso arrazistak salatzeko.