Altzako udaletxeari erabilera bat ematearen aldeko proposamena onartu du Ekialdeko Barrutiak

Iazko apirilean Ekialdeko Barrutiaren egoitza Harrobieta plazara lekualdatu zutenetik, itxita eta erabilerarik gabe dago Altzako udaletxe zaharra, San Martzial plazan dagoena. Hori dela eta, Altzako hainbat eragile, nagusiki historia mintegia, eraiki historiko horri auzoarentzako erabilera emateko eskatzen ari dira. Hain zuzen ere, Ekialdeko Barrutiko Batzarrak horren inguruko testu bat onartu zuen maiatzaren 26an.
Barrutiko Memoria eta Historia lantaldearen testuak dioenez, “iaz, Altzako Historia Mintegiak eraikinaren erabilera finkatze aldera parte hartze prozesu bat burutzeko ideia plazaratu zuen. Ideia hori bertan behera geratu zen, udal gobernuaren ezezkoa medio. Irisgarritasun arazoak medio, eraikinaren erabilera oso mugatua dagoela izan zen argudioa. Urtebete baino gehiago igaro da, eta oraindik ez dago eraikinari erabilera emateko planteamendurik udal gobernuaren aldetik”.
Gogorarazi dutenez, Elkartasuna auzo elkarteak alde batetik eta Altzako Historia Mintegiak bestetik, udaletxea erabiltzeko proposamenak aurkeztu dituzte hilabeteotan, baina ez dira aurrera atera. “Eraikinaren egoera ez zen ona bertan Udalinfo bulegoak zeudenean, bereziki estalkipeko solairuan, hezetasunak eta itoginak baitzeuden. Eraikina itxita egoteak hondatze prozesua azkartu besterik ez du egingo”, salatu du historia mintegiak.
Horrela, Ekialdeko Barrutiko Batzarrak onartutako testuak hiru eskaera zehatz egin dizkio udal gobernuari: lehenik, adierazi dezala zein den Altzako udaletxearen eraikinerako duen asmoa, halakorik badu. Bigarrenik, sustatu dezala parte hartze prozesu bat Altzako herritarrekin eta auzo elkarteekin, eraikinaren erabilera finkatzeko asmoarekin. Eta, hirugarrenik, jaso dezala hurrengo urteko aurrekontuetan eraikinaren birgaitze osoa egiteko partida bat, parte hartze prozesuan ateratako emaitzak egikaritu ahal izateko.
Udal gobernua osatzen duten bi alderdien Ekialdeko Barrutiko Batzarreko ordezkariek aurkako botoa eman zuten: Martin Ibabe eta Ana Lopez jeltzaleek eta Carlos Garcia eta Juan Marrero PSE-EEko zinegotziek. Parte hartu zuten gainontzeko batzarkideek, aldiz, aldeko botoa eman zuten: udal talde politikoen aldetik, Albino Machado (PP) eta Mikel Osinalde, Zigor Etxeburua eta Garbiñe Alkiza (EH Bildu); auzo elkarteen aldetik, Harritokieta Larrañaga (IZBE), Mari Mar Martinez (Elkartasuna), Eugenio Rojo (Oleta), Jose Angel Apaolaza (Herripe) eta Diego Morán (Buenavista); eta arloko elkarteen aldetik, Manex Ralla (Altzania), Miguel Angel Diez (Herrerako Sporting), Izko Lekuona (Bizarrain Euskara Elkartea) eta Mercedes Fernandez (Plazandreok).