Greba mugagabera joko dute Avanzako langileek enpresak eta aldundiak urratsik egiten ez badute
Une honetan, urte amaiera arteko asteburu guztietan deitua dute greba. Aurrerapausorik ez bada, astegunetara zabalduko dute.

Avanzako langile batzordeak prentsaurrekoa eman du gaur goizean autobus geltokian. Asteburuetako greba mugagabean murgilduta daude, eta aurreratu dutenez, enpresak eta aldundiak egoera zuzentzeko urratsik egin ezean, astegunetara zabalduko dituzte lanuzteak. 22 greba egun egin dituzte jada, baina ez dute ez enpresak ez kontzesioaren arduradun den aldundiak beraiekin negoziatzea lortu. Are gehiago, emakidaren indarraldia amaitu bada ere, bost urtez luzatzeko asmoa jakinarazi diete. “Gipuzkoako Foru Aldundiak gutun zuri bat eman zion enpresari, bere jarrera neurrigabeekin jarrai dezan”.
Batzordeko kideek adierazi dutenez, aurtengo martxoko lan ikuskaritzaren ebazpen bat dute aparteko orduen abusua aipatzen duena, baina ELA sindikatuko ordezkari Eugenia Pablosek adierazi duenez, “enpresak ez dio jaramonik egiten”. Bertan jasotzen denez, Donostia-Bilbo-Gasteiz, Loiu eta Deba eskualdeko lineetako aparteko orduak “ez dira legezkoak” eta zuzen ditzan eskatzen zioten enpresari.
Halaber, langileek salatzen dituzten lanaldi neurrigabeak ere ageri dira ebazpenean. “Hartualdiarekin eta uztearekin”, urtean, 1.650 orduko lanaldia dute gidariek, 1.870 ordu egitera hel daitezke, eta horri gehitu behar zaizkio ordu extrak “egutegi perbertso eta ilegal batean”. Enpresak proposatutako ordu jaitsiera, bost ordu urteko, “gutxi” iruditzen zaie aldarrikatzen dituzten 1.592 orduetara iritsi arte. Pablosek baieztatu du prest daudela urteko orduak negoziatzeko, beti ere, 1.592 orduak adosten badituzte lizitazio berria sinatzean. “Gehiegizko lanaldiak ditugu. Kontuan hartu behar da gidariak garela eta jende asko eramaten dugula; ardura ere handia da”.
Horrez gain, Avanzak kudeatzen duenetik flota narritzen ari dela ere gaitzetsi dute. Autobus berri batzuk ekarri badituzte ere, Avanza sartu zenetik zerbitzua okertu egin dela nabarmendu du Pablosek, eta azaldu duenez, matxuren ondorioz, zenbait zerbitzu bertan behera utzi behar izan dituzte.
Greben jarraipenari buruz galdetuta, asteburuetan zerbitzu minimoak errespetatzeaz gain, beste zerbitzu batzuk ere ematen ari direla onartu du langileen ordezkariak. Izan ere, lantaldearen behin-behinekotasuna “oso altua” da, 90 gidaritik gora, eta hauek ezin dute grebarekin bat egiten “beraien egoeragatik eta beldurragatik”. Gutxi gorabehera %60 jarraipena izaten ari direla esan du, eta bide batez, behin-behinekotasuna erregulatzeko eskatu du.
Azkenik, langileek barkamena eskatu diete erabiltzaileei grebak sor diezazkien eragozpenengatik eta garraio zerbitzu publiko eta doakoaren alde badaude ere, “ez flotaren narriduraren eta 11 orduko lanaldien kontura”.