Hildako zaldi bat, edertasun bihurtua

Hylnur Palmason zinemagileak harreman estua du Donostiarekin. Zienmaldian saritua izan da, epaimahaiko kide izan da, Elias Kerejeta Zine Eskolan irakasle izan da… Orain, ordea, lehen aldiz erakusketa bat aurkeztu du Tabakaleran.
Hlynur Palmason (Islandia, 1984) zinemagile eta artista islandiarra “zinemaren eta arte bisualen arteko mugak gainditzen dituen sortzailea” dela diote antolatzaileek. Bere zineman irudi iradokitzaileak agertzen diren moduan, bere erakusketak elementu gutxirekin indar handia duela ikusten da.
Palmason oso ezaguna da Europako egile zinemaren arloan zuzendu dituen film luzeei esker —Vinterbrødre (2017), A White, White Day (2019) eta Godland (2022), besteak beste— baina bere lan artistikoak zabalkunde txikiagoa izan du. Tabakaleran bildutako lanek, erakusketa honetarako propio sortu duen obra berria barne, Palmasonen lengoaia bisualera ongietorria egiten dute, non “giroetan eta denbora-egituretan disolbatzen den kontakizuna, zentzumenei dei egitearren”.
Ikusgai jarritako lanak
Lament for a Horse (2021-2025) obrak, artistaren ikus-entzunezko instalazio “erradikalenetako eta hunkigarrienetako bat”, zaldi baten deskonposizioa erakusten du hiru urtetan zehar, plataforma baten gainean ipinitako kamera finko batekin filmatuta. Irudiak, ia piktorikoa denak, bizitzaren zikloari, higadura fisikoari eta prozesu naturaletik sortzen den edertasunari buruzko hausnarketa pausatua sortu nahi du. Aldibereko sei bideo-kanalek esperientzia inguratzaile eta kontenplatiboari ematen diote bide; bertan nagusi den baretasunak eta giro-soinuak animaliaren memoria eta etendako denbora aditzera ematen dituzte. Instalazioaren osagarri, beste elementu hauek ere ikusgai daude aretoan: piezaren protagonista den zaldiaren hezur batzuk; tamaina handiko irudiez osatutako sail bat eta polaroid argazki sail bat. Pieza hau Pálmason bizi den landa-ingurunean filmatua da, eta bere seme-alabek ere parte hartu dute prozesuan.
One Winter Series (2012–abian), bestalde, esperimentu material eta tenporal gisa sortutako proiektua da, eta ekintza kontzeptual bat dokumentatzen du. Artistak, neguan, Islandiako lautada baten muturreko klimaren eraginpean, oihal gainetan metalezko xaflak ipintzen ditu aire zabalean. Hala, haien eraldaketan parte hartzen dute haizeak, elurrak, izotzak eta denboraren joanak, eta haien gainazaletan uzten dute beren arrastoa.
Aretoan jatorrizko xafla metalikoak daude ikusgai, denboraren joanak eta oxidoak markatutako oihalen ondoan. Bideo-instalazioak prozesu horren irakurketa poetiko eta isila eskaintzen du. One Winter Series paisaiaren, klimaren eta denboraren joanaren artxibo fisiko eta bisual gisa aurkezten da.
Horiez gain, The Beginning and the End (2025) ikus-entzunezko instalazioak narrazio poetiko bat proposatzen du, kamera analogiko eta digitalekin filmatuta. Bizitzaren bilakaerari buruzko meditazio bisuala da emaitza. Tabakaleran ikusi ahal izango den ikus-entzunezko instalazio hau erakusketarako propio sortua da.
Zinema-zikloa
Erakusketarekin batera, Palmasonen filmografiaren ziklo osoa eskainiko du Tabakalerak, Zinea eta Artea: Hlynur Pálmason izenburuarekin, eta zinegilearen filmak pantaila handian deskubritzeko edo birdeskubritzeko helburuarekin.
Programa:
Ekainak 28, 19:00 Godland (2022′)
Uztailak 5, 19:00 A White, White Day (2019)
Uztailak 12, 19:00 Winter Brothers (2017)
Uztailak 19, 19:00 Film laburren saioa: A Painter (2013), Seven Boats (2014), Nest (2022)