Jon Magunazelaiak Reala utzi eta haren herriko taldean jokatuko du

Realak baieztatu duenez, Jon Magunazelaia aurrelari eibartarrak talde txuri-urdina utziko du. Kirol kazeta batzuek diotenez, Eibarren jokatuko du datorren denboraldian. Hau da, haren etxeko taldean, jatorrian.
Horrela, Magunazelaiak Realarekin zuen kontratua eten —2026ra bitarteko lotura zuen txuri-urdinekin—, eta jokalari libre gisa fitxatuko du Eibarrek. 2028. urtera bitarteko kontratua sinatuko du eibartarrak. Dena dela, etorkizunean jokalaria beste klub bati saltzekotan, Realak horren portzentai bat jasoko luke.
Pasa den denboraldia talde txuri-urdinaren lehen taldearekin hasi bazuen ere, neguko merkatuan Kordobara joan zen utzita. Han ez zituen esperotako minutuak jokatu, baina haren ekarpena estimatu eta eskertu zuten andaluziarrek.
‘Maguna’-ren ibilbidea
Gazte mailan iritsi zen Zubietara, eta bertan hasi zen formatzen jokalari txuri-urdin gisa. Mailaz igotzen joan zen pixkanaka 2022-2023ko denboraldian lehen taldearekin debuta egin zuen arte, Omonia Nicosiaren aurkako neurketa batean. Harrezkero, Eibarko aurrelariak 21 neurketa ofizialetan parte hartu du.