«Alabak beti esaten du: ni Donostiakoa eta Egiptokoa naiz»
Estereotipoak desmuntatzeko manerarik hoberena, jendea ezagutzea da. Koloretako hijab ederra buruan, umorez eta zorroztasunez hitz egiten du Dinak, Erdialdeko bizilagun egiptoarrak. Atzerritarren Legeak bakerik ematen ez dien arren, pozik bizi da Donostian, eta horixe nahi du bere seme-alabentzat.

Erdialdean bizi da Dina (Dakahliya, Egipto, 1992). Zazpi urte daramatza Euskal Herrian, eta Errenterian egon ostean, Donostiako erdigunea du bizileku. Hiria asko aldatzen ari denaren sentsazioa du, baina pozik hitz egiten du, irribarrea eta barreak uztartuz.
Turistez inguratutako kafetegi batean elkartu gara: «Asko ari da aldatzen Donostia. Lasaitasuna galtzen ari da», dio, atsekabez. Senarrak Donostiako zentro zientifiko batean lan egiten duelako etorri ziren hona. Orain, ordea, bizitzeko «oso zaila» dela uste du: «Oso garestia da guztia. Errenteria, Lasarte, Hernani…». Kaleko bizitza asko aldatu da azken urteotan, «turismo gehiegi» dagoelako. «Lehen lasaiagoa zela iruditzen zait. Hiri txikia da, eta horregatik gustatzen zait, baina gauza batzuk aldatzen ari dira», dio, Madril eta Kairorekin alderatuz. Oraindik, hala ere, nahiago du Donostia.
Bederatzi hilabeteko alabarekin
Egipton ezagutu zuten elkar senarrak eta berak, eta lehenengo alabak hilabete gutxi zituela etorri ziren Donostiara. Alaba nagusiak zazpi urte ditu egun, eta semeak, lau. «Gure seme alabek bikain hitz egiten dute euskaraz, haur eskolan dena euskaraz egin baitzieten. Batzuetan, anai-arrabek euren artean euskaraz egiten dute, guk ez ulertzeko. Askotan barre egiten dute! Hori ona da, hori ona da», dio, barrez.
Alabari, hala ere, arabieraz idazten irakasten ari zaio, ordu erdi astean. «Oso garrantzitsua da guretzat sustraiak oroitzea, baina berarentzat baita ere: Harrotasun handia sentitzen du Egiptogatik. Gure festetan beti eramaten du zerbait eskolara, gainontzekoek ere ospatu dezaten».
Segregazioa Donostian
Iritsi zirenean, segregazio maila altua duen eta Erdialdean dagoen eskolara eraman zuten alaba eta bertan eduki zuten urtebete. Ordea, aldatzeko beharra ikusi zuten: «Urtebete egon ginen. Bertan ez nuen Euskal Herrian jaiotako guraso bakar bat ere ikusi. Bakarra ere ez. Denak ginen kanpotarrak. Eta hori ez da ona».
Arraroa iruditzen zitzaiola eta, parkean gainontzeko gurasoei galdetzen zien ea nora eramaten zituzten haurrak, eta hara eraman zuen alaba, hurrengo ikasturtean. «Horrelako kasuetan, atzerritarrak atzerritar sentitzen dira, eta haurrak eskolatik hartu eta etxera eramaten dituzte. Ez da egokia», hausnartu du.
Egoerari bueltak ematekoa da Dina, soziologoa baita ikasketez. Egipton ikasi zuen, eta hemen gizarte hezkuntza arloan master bat egin du, ikerketara bideratuta. Hain zuzen, Familia Lagunak programa ari da ikertzen.
Familia Laguna, ikergai
Duela bi urte hasi zen Familia Laguna programan: «Egia esan behar badizut, guk ez genuen programa honen beharra, oso integratuak baikeunden. Baina ezagutu nahi nuen barrutik, eta lagundu. Askorentzat oso zaila delako». Honela Ongi Etorri Eskolararekin elkarlanean hasi zen, eta harreran laguntzeaz gain, programaren inguruan ikerketa egiten ari da.
«Gure kasua desberdina izan da, gu oso irekiak garelako. Baina beti ez da berdina, eta jendeak laguntza behar izaten du», dio. «Hemen bizi bagara, bertakoak gara. Ez da ona kanpotarrak garela sentitzea. Ohitu egin behar dugu bertako bizitzara, alde txarrez bezain onez».
Egiten ari den ikerketan ondorioztatu duenez, familia hartzaileentzat ere lagungarria da: «Gehiago ireki behar dira bertakoak. Zuentzat ere ez da ona itxia izatea, mundu zabala dago eta», dio erdi txantxetan. «Gu oso irekiak gara, baina bertakoek denbora asko behar dute irekitzeko: Egunero parkean edo eskolan ikusten dudan guraso batek lau urte behar izan ditu telefonoa eskatzeko», dio barrez.
Atzerritarren bulegoa, amesgaizto
2018tik Euskal Herrian bizi da Dinaren sendia. Erresidentzia baimena duten arren, urtean behin edo bitan joan behar izaten dute atzerritarren bulegora, familiako guztien tramiteak egitera. Normalean, tratua onena ez bada ere, ez du arazo handirik izaten. Ordea, duela aste gutxi izandako gatazka kontatu nahi izan du.
Erresidentzia baimena berritzera joan zenean hasi ziren arazoak: «Hatz markak hartu zizkidaten, eta ordaintzera joan nintzenean, esan zidaten banketxean egin behar nuela eta agiria entregatu. Normalean, bertan ordaindu daiteke txartelaren bidez, baina ez nuen beste erremediorik izan». Hamaikak ziren, eta ordubatean ixten zutela eta, korrika batean egin behar izan zuen ordainketa.
Atzerritarren bulegora itzuli zenean, ordea, ordainketa eskatu zion poliziak ez zion begiratu ere egin, eta jendea sartzen ari zen arren, Dinari ez zioten pasatzen uzten. Azaldu duenez, behin eta berriro joan zen, esanez, bazuela ordain agiria. Baina ez zuen ezertarako balio izan. «Aurpegira ere ez zidan begiratu».
Atsedena hartu zuen poliziak, eta Dina bertan geratu zen itxaroten. Polizia itzultzerakoan, berriro ere joan zen harengana, eta poliziak jende guztiaren aurrean, «modu bortitzean» erantzun zion: «Goitik behera begiratu zidan, eta itxoiteko esan zidan. Azkenengoa izango nintzela».
«Inpotentzia»
«Arratsaldeko hirurak ziren harrezkero, eta akatsak zeudela eta, berriro ere zita hartzeko eskatu ziguten. Nik martxoan hartu nuen zita, baina, tira, berriro ere eskatzen saiatu nintzen, eta berriro ere zakar esan zidan: ‘Bi aukera ematen dizkizut: bukaera arte itxaron, edo bestela hartu zita urrirako’».
16:30ean hartu zuen zita, baina horrekin batera, kexa bat jartzeko aukera eskatu zuen Dinak, 11:00etatik baitzegoen han zain. Agenteak aurre egin zien eta esan zion: «Zuk kexa bat jartzen baduzu, bihar ez zara etorriko». Beste polizia batek, begiratu, eta esan zion: «Zu paperik gabe geratuko zara». «Negarrez hasi nintzen, izugarrizko inpotentzia jasan nuelako», aitortu du.
Biharamunean, Ongi Etorri Eskolarako konfiantzazko pertsona batekin joan zen berriro ere —Donostian jaiotakoa eta zuria—, eta, sartu, eta bost minututan egin zituzten tramiteak. «Agurtu gabe egin genituen tramiteak, ez ziguten hitzik egiten», azaldu du harriduraz.
«Inpotentzia» izugarria sentitu zuen: «Nire senarra zientzialaria da, ni ikerketa egiten ari naiz. Eta ikusi nola tratatzen gaituzten! Pentsa, gu baino egoera okerragoan daudenak! Ondo sentitzen dira boterea erabiltzen dutenean. Hau al da Europa?».
Dinak argi du hijaba eramateagatik eta musulmana izateagatik tratatu zutela gaizki. «Haiek uste dute kanpotik gatozenok beraiek esaten dutena egin behar dugula, isilik egon behar dugula eta entzun. Etengabeko umiliazioa da. Poliziak uste du guk ez dakigula zeintzuk diren gure eskubideak». Sistematikoki honelako jokaerak ikusten dituela dio: «Jende guztiaren aurrean oihukatu zuenez, denak geunden han beldurrez. Eta inork ez zuen ezer egin».
Jakina denez, Atzerritarren Legeak arbitrariotasun neurtu bat eskaintzen du pertsona migratzaileak kontrolatu ahal izateko. Dinak bost urtera lortu zituen paperak, bere senarrak hiru urtera eta alabak bi urtera. Egoera are kafkiarragoa bihurtzen da haien semearekin, Donostian jaio denez, espainiar naziotasuna du: «Tramiteak eraikin berean egiten diren arren, erabat ezberdina da tratua. Egun batetik bestera hartu daiteke hitzordua, egunean bertan ematen dute pasaportea, eta denek agurtzen dute eta eskerrak eman… hau da, tratu normala ematen dizute!». «Nik ez dut eskatzen xamurtasunez hitz egitea, errespetuarekin baizik», dio duintasunez: «Etortzen naizen hurrengoan, bakarrik etorriko naiz berriro ere, noski baietz».
Donostiako festetan pozik
Arazoak arazo, Dinak esker hitzak baino ez ditu donostiarrentzat. «Gu oso azkar integratu gara. Guretzat oso erraza izan da, horrexegatik, oso irekiak garelako. Nik nahi dut nire seme-alabak bertakoak izan daitezen. Alabak beti esaten du: ni naiz Donostiakoa eta Egiptokoa. Bere kulturaz harro egotea inportantea da, baina baita bertakoak ondo ospatzea».
Beraien sekretua? Ahalik eta festa gehienetan parte hartzea: «Danborradan, Olentzeron… beti gaude hor», kontatu du. «Nik datorren urtean Danborradan atera nahi dut! Atera behar dut!», dio barrez. Non aterako den galdetuta, ordea, ez du horren erraz ikusten: «Hainbat konpainiari galdetu diet, eta Amara Berrin badago baten bat, baina itxaron zerrendak daude leku guztietan eta ez da batere erraza! Baina lortuko dut!».
Festazaleak izateaz gain, burugogorrak direla argi utzi nahi izan du Dinak: «Gure alabak ere izugarri maite du Danborrada! Iaz esan zuen: ‘Bai edo bai zuzendaria izango naiz datorren urtean’. Eta halaxe izan da!». Dinaren sendiaren determinazio eta bizipozaren erdia bagenu donostiarrok!