Denboraldiari aurre egiteko prest dago Donostia Arraun Lagunak
Emakumezkoen traineruaren eta aulki mugikorreko arraunlarien aurkezpena egin dute Lugañenea baserrian.

Asko dira azken urteotan Donostia Arraun Lagunak-ek irabazitako banderak. Emakumezkoen traineruaren lorpen guztiak erakusteko lekurik gabe geratu dira Martuteneko Lugañenea egoitzan. Horrela, banderez inguratuta egin zuten atzo denboraldiaren aurkezpena.
Aulki finkoan eta mugikorrean ariko diren taldeak, arraunlariak, teknikariak, ordezkariak eta laguntzaileak aurkeztu zituzten. Klubaren izenean Itziar Eguren presidenteak hitz egin zuen, eta, aurkezpenera joan ziren udaleko ordezkariek ere hartu zuten hitza. Hala nola, Nekane Arzallus alkateordeak —Eneko Goia alkatea ez zen agertu agenda arazoengatik—, Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak.
Donostia Arraun Lagunak da hiriko arraun klub arrakastatsuena, baina irabaztea ez da helburuen artetik lehendabizikoa. Arraunak dituen balioak transmititzea da klubaren lehentasuna, eta sasoi berrian ere horrela izatea nahi dutela nabarmendu zuen Egurenek.
“Urte luzez ur nahasietan arraunean aritu gara. 2017eko Kontxako estropada hartan gertatu moduan. Etengabeko ahaleginaren garaiak ziren, eta izaten jarraitzen dute”, adierazi zuen Egurenek. “Oraindik ez gaude hain ur lasaietan arraunean, baina urteotan lorturiko esperientziak eta klubak egindako bideak, aukera ematen digute gaur hemen harrokeriarik gabe, baina harrotasun osoz zuei hitz egiteko. Zailtasunak zailtasun, denboraldi bakoitza nota onarekin gainditu dugu. Halere, lan asko dugu egiteko”, gaineratu zuen.
Lugañenea berria
Donostia Arraun Lagunak-ek hazten jarraitzeko egoitza handiago eta modernoago bat behar du. Horren aldeko lanean denbora daramate, eta aurkezpenean izan ziren udaleko agintariei hitz hauek zuzendu zizkien: “Argi daukagu klub honek badakiela lan egiten, irauten, egokitzen eta aurrera egiten. Zer esanik ez, noizbait Lugañenea berria izaten badugu”.
Azken hamar urteotan emakumezkoen traineruak “arrakasta historikoak” lortu dituela nabarmendu zuen presidenteak: “Arraunean zer esana ematen ari da gure trainerua, eta horri esker erakunde publikoen babesa lortu dugu. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu Kontxako Banderaren araudia aldatzea erabaki dutenei”.
Denboraldi berriari begira, berriz, Egurenek “erronka berriak” datozela esan zuen. “Badakigu zer eta nor garen, badakigu zer egin dugun, eta, batez ere, zer egiteko gai garen. Horregatik, aurten ere ‘Aupa Arraun!’ oihukatuko dugu elkarrekin, bihotzez eta gogotsu. Estropada eremua ez da beti bare egoten, baina beti aurkitzen dugun norabide egokia aurrera egiteko”, azaldu zuen.