Herriaren isildutako kantua pizteko ikurra
Mende erdi baino gehiago darama Remigio Mendibururen 'Erri txistu otza' eskulturak Askatasunaren hiribideko lekuko isil gisa. Artistak garaiko gizarteari kritika moduan sortu zuen, eta zeresana eman bazuen ere, jada paisaiaren parte da.

Ukitu berezia eman nahi izan zion eraikinaren sustatzaile Juan Jose Areizagaren enkargu bat izan zen. Huts altzari denda eta arte galeriaren jabea zen, eta handik pasatu ziren garaiko sortzaile berri asko. Norbaitek Eduardo Txillida, Jose Antonio Sistiaga edota Jorge Oteizarekin batera Gaur taldeko kide zen Mendibururi eskatzeko iradoki zion. Hondarribiarrak onartu, eta bere obra ezagunenetako bat sortu zuen.
Hamazazpi bat metro luze, 5,8 metro zabal eta 3,5 tonako pisua duten altzairu herdoilgaitzezko hogei hodi hutsek osatzen dute, enbor bihurritu edo sustrai erraldoien moduan elkarri lotuak. Adituen esanetan, balizko txistu batek egingo lukeen goranzko soinua irudikatzen du eta izenburuak egileak garaiko gizarteari egindako kritika islatzen du: «Herriaren doinua hotza dago, herriak ez duelako abesten».
Lanak harrabotsa eta zeresana eragin zuen, hein batean egileak nahi zuena. Eskultura jarri berritan, La Voz de España–k egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, «bada garaia Donostiak ikur industrial bat izatekoa, denak ez baikara aberaskumeak edo udatiarrak. Euskal Herriak sustrai eta tradizio industriala eta langilea ditu, begi bistan egon behar dutenak paseorako lekua den Askatasunaren Hiribidean».
Garai bertsuan, Txillida eta beste artista batzuen eskulturak jarri zituzten hiriko zenbait txokotan. Kalapitak kalapita, Mendiburuk argi zuen horren eragina: «Hiriaren urbanismoaren sinboloak aldatuko ditu eta baita donostiarren asperdura ere. Hiria ezaguna izango da artelanak diren ikurrengatik eta ez Maria Kristina zubia edo Viktoria Eugenia bezalako mito zaharkituengatik».