Langileek hobetuko dituzte gizarte zerbitzuak
Donostiako Udalak eta Gizarte Ekintzako langileek akordioa lortu dute. Besteak beste, 2027ko urtarrilaren 1erako hamasei langile berri kontratatuko dituzte. Langileek eta udalak akordioaren balorazioa ontzat jo dute.

Kalitatezko zerbitzu baten alde hasi ziren mobilizatzen Gizarte Ekintzako langileak, eta hiru hilabete luzeren ondoren, lortu dute. Donostiako Udalak eta langileen batzordeak akordioa lortu zuten pasa den asteartean. Horrela, herenegun abiatu behar zuten bost eguneko greba bertan behera utzi zuten. Udalak langileen aldarrikapenak aintzat hartzeko lau lanuzte eta hamabi greba egun egin behar izan dituzte.
Akordioak langileen eskaera gehienak jasotzen ditu. Besteak beste, 2027ko urtarrilaren 1erako hamasei langile berri kontratatuko dira gizarte langilearen, administrariaren eta psikologoaren kategorietan. ELA eta LAB sindikatuek adosturikoa «positibotzat» jo eta nabarmendu dute borroka sindikala dela «langileen eskubideak eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzeko» tresna bakarra. Horrekin batera, Gizarte Ekintzako langileek donostiar guztiei eskerrak eman dizkiete hilabeteotan adierazitako babesarengatik. «Hiritarren eskubideak babestea zen gure grebaren helburua, eta eskubideak nabarmen hobetuta, etorkizunari begira ere helburu horien alde borrokatzeko prest gaude», esan dute langileek.
Langileen eskaera zehatza zen profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta lantaldea handitzea eremu guztietan: administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia eta talde teknikoa, besteak beste. Eskaera horiek guztiak hein handi batean aintzat hartu ditu bi aldeen arteko akordioak.
«Zerbitzua indartuko du»
Udalak ere akordioaren inguruko balorazioa plazaratu du Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziaren bidez. «Hilabetetako lanaren eta negoziazioaren ondoren, Gizarte Ekintza departamentua indartuko duen akordio bat lortu dugu, baliabide gehiago emanez eta langile kopurua handituz», nabarmendu du Idoetak. Akordioak herritarrei «zerbitzu hobea» ematea ahalbidetuko duela gaineratu du zinegotziak: «Gizarte zerbitzuak lehentasuna dira udal gobernuarentzat, eta une oro egon gara prest haien beharrei erantzuteko formularik onena aurkitzeko».
Greba bertan behera geratu ondoren, Idoetak espero du gizarte zerbitzuetako zentroek «ahalik eta lasterren normaltasuna berreskuratzea», eta «donostiarrei arretarik onena eskaintzen jarraitzea».
Akordioaren xehetasunak
Gizarte Ekintzako langileen batzordea udalarekin bilduko da datozen egunetan, akordioaren eduki guztiak zehazteko eta erabat ixteko. «Baldintzak zehaztu ondoren, ahalik eta lasterren idatziko dugu adosturiko dokumentua, epeak eta legezko baldintzak zehaztuta, alderdi guztiek sinatzeko», adierazi dute udaleko iturriek.
Gizarte Ekintzako Saila hiriarentzat ezinbestekoa dela argi dute udalak eta langileek. Donostiako bost familiatik batek jaso du udaleko gizarte zerbitzuen arreta. Hamaika izan daitezke lau ildotan ardaztutako beharrak: gizarteratzea, adinekoak eta ezgaitasuna, haurrak-familia eta ekintza komunitarioa. Arlo horietan, Gizarte Ekintzako langileek informazioa, aholkularitza eta orientazioa ematen diete zuzenean eskatzen dutenei edo ingurukoek babesgabe hautematen dituztenei. Langileen datuen arabera, 18.151 familia erabiltzaile dituzte.