Lorategi Hiriaren garapenak loiolatarren kezkak areagotu ditu
Lorategi Hiriaren garapen urbanistikoak aurrera jarraitzen du. Aste gutxi barru bigarren faseari ekingo diote eta horrek dakarrenaren berri emateko bilera egin zuten udaleko ordezkariek loiolatarrekin. Gaiak aztertzeaz gain, kexa eta iradokizun ugari entzun zituzten.

Lorategi Hiriaren garapen urbanistikoaren bigarren fasean sartzear dira. Hain justu, abuztuaren 1ean, lehen eraikineko etxebizitzak ematearekin batera. Horrexegatik, datorrenaren berri emateko, Donostiako Udalak bilera irekia egin zuen hilaren 18an Loiolako kultur etxean. 70 bat bizilagun elkartu ziren areto nagusian, bertan bizi direnak gehienak, baina baita auzune berrira etorriko direnak ere. Proiektuaren arduradun eta teknikariez gain, Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoeta eta Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarza ere bertan izan ziren.
Herritarren parte hartze zerbitzuko arduradun Amaia Agirreoleak gidatu zuen saioa. Hitza hartuko zuten hiru teknikariak aurkeztu eta bilera ardaztuko zuten gaiak zerrendatu zituen: Gorotz eta euri uren kanalizazioa, bigarren fasearen jardunbide eta epeak, eta mugikortasuna. Asmoa lehenik azalpenak eman eta ondoren bertaratutakoen galdera edota iradokizunei tartea egitea bazen ere, bilera ez zen esperotako bidetik joan. Han zeudenak auzotarren lagina badira, loiolatarrak haserre daude.
Hurrengo pausoak
Lehen puntua nahiko azkar joan zen. Fernando Perez udal arduradunak zergatiei buruzko zenbait zertzelada eman zituen, uholdeak saihestu eta ibaiaren uren kalitatea hobetzeko, bereizteko eskatzen duela araudiak; eta hortaz, Lorategi Hiria inguruko sistema aldatu beharko dela. Eragindako etxebizitzetako bizilagunak, asteartean, udaletxean egingo duten bilera batera deituko dituzte, gutun bidez, beharrezko guztiaren berri emateko.
Gainerako bi puntuei buruzko azalpenak, ordea, kostata eman zituzten, bizilagunen kexek etenda. Alfonso Vazquezek bigarren fasea azaldu aurretik, amaitzear dena gainbegiratu zuen. Sustatzaile pribatuek uztaila amaieran lehen etxebizitza blokea emango diote udalari, eta aurrerantzean, bera arduratuko da mantenuaz. Fase berriak lau azpifase izango ditu, abuztuaren 1ean abiatuta, eta zortzi hilabete iraungo ditu. Tarte horretan, kultur etxe aurreko aparkalekua —etorkizunean plaza izango dena— obra gune gisa baliatuko dute, materialak uzteko, eta eraiki duten aparkaleku berria zabalduko dute. Oinezkoei une oro ahalbidetuko diete pasatzea, baina lanak hasten direnetik, hiru hilabetez, kotxeak ezingo dira sartu, ezta eremuan bizi direnek ere. Aldi berean, hasiko dute bost hilabete luzatuko den bigarren azpifasea: Matxiñene aldean mantenduko dituzten etxebizitzen inguruaren berrurbanizatzea. Urrian azken bi faseak helduko dira, Aralar Mendilerroa eta Urbia kaleei lotuak.
Aparkalekua, gatazka
Jatorrizko proiektuari bi aldaketa egin dizkiotela zehaztu zuen Vazquez teknikariak. Batetik, biribilgune bat egin dute Loiolako zeharbidea eta errepide berria elkartzen diren gunean, eta bestetik, autoa uzteko lekuak gehitu dituzte, jasotako eskaerei erantzunez. Hala, 293tik 382ra pasatu dira, beti ere, «oreka» mantenduz berdegune eta aisia guneekin. Hor piztu zen kalapita, auzoaren arazo handi bat aparkaleku falta baita. Egun, bertakoen txartela 709 lagunek dute, baina, hala ere, Txomin edo Martutenera joan behar izatea gaitzetsi zuten batzuek, eta bizilagun berriekin egoerak okerrera egingo duela aurreikusten dute. «62 euro ordaindu arren, lekurik ez dugu. Lotsagarria da», bota zuen batek, eta askok babestu zuten.
Aparkaleku berrian TAO sistema ezarriko dute, eta horren aurrean, zenbait eskaera egin zituzten bertaratutakoek: auzotarrentzat soilik izatea edo haientzat lekuak gordetzea, iraupen luzekoa ez izatea, auzokoak ez direnek autoa bertan utzi eta beste leku batzuetara joatea saihesteko; edo auzo osoa txartela dutenei gordetzea eta aparkaleku berria TAO bidezkoa izatea. Haientzat lekuak gordetzea aztertzeko konpromisoa hartu zuen Agirreoleak. Baita lurrazpiko edo mailakako aparkalekua egitea berriro azter daitekeen ere. Horretarako aurrekonturik ez dago, baina askotan aipatu zen aukera izan zen. Vazquezek gogoratu zuen bere garaian aztertu zutela, baina interesik ez zegoela. Arazoa salneurria zela ñabartu zioten, eta teknikariak halako eraikuntzak nahitaez salmentakoak izan behar direla gehitu zuen, norbaitek proposatutako aldizkako erabilera bidez ez baita errentagarria.
Datozenen mesedetan
Autoa uzteko lekuak gehitu izanak, beste kexa bat azaleratu zuen: berdegune eskasia. Zein arazo nagusi den ebatzi ezinik, ados zeuden topoaren geltoki ondoko zabalguneari dagokionean: «Neguan hotzak akabatzen zaude, eta udan, kiskalita». Halaber, obrak amaitu ondoren libratuko den plaza berdeagotzea gehitu zuten aztertzeko gaien zerrendara. Sortuko den auzuneak oinezko kale, berdegune eta zuhaitz ugari izango ditu, «hiriko beste zonalde batzuek baino askoz gehiago», Vazquezen esanetan. Bertan etxea erosi duenetako bat, ordea ez zegoen konforme. «Familiak gara, gure seme-alabek paseatzea nahi dugu. Lorategi Hiria izena du eta plana ikusita oso berde gutxi eta zementu pila dago hor sartuta». «Ongi etorri Loiolara», erantzun zioten.
Hirugarren gai gatazkatsua autobusei lotutakoa izan zen: Dbusen 24 eta 27 lineak Lorategi Hiritik pasako dira eta ez dira auzo barrura sartuko. Ordutegia eta maiztasuna lehenetsi dituztela zehaztu zuen Ana Epelde teknikariak, 41 eta 26 lineak horien osagarritzat joaz. Horrez gain, uztailean Aralar Mendikatea eta Urbia kaleak norakoz aldatuko dituzte, uztaila amaieran kale berria zabalduko baitute. Auzoarentzat hobea bada, aurrez zergatik ez duten egin jakin nahi izan zuten.
Esandakotik ondoriozta daiteke auzune berriari lehentasuna ematen ari direla uste dutela bizilagunek. Gune berriaren eta zaharraren arteko bereizketarik ez egiteko eskatu zien Agirreoleak. Azkar jaso zuen erantzuna: «Loiola zuek banatu duzue. Loiolako Erribera da, baina autobusak ez dira Loiolatik pasatzen, Erriberatik baizik. Bost minutuero autobus bat dute, denak Bartzelona hiribidetik pasatzen dira. Antiguan autobusa hartzen badut, bost minutuan Erdialdean nago; hemen 26a hartuz gero, Zarautzetik autobusez datorren bat lehenago iritsiko da».