Ttonttorro prest dago toki entitate txikiari ongietorria egiteko
Gaur hasiko dira ofizialki Igeldoko San Pedro jaiak, eta uztailaren 2ra arte luzatuko dituzte. Pasa den asteburuan giroa berotuta, bost eguneko egitaraua prestatu du jai batzordeak. Nobedade ugari izango ditu, baina bada bat benetan esanguratsua dena.

Igeldo toki entitate txiki gisa martxan jarri osteko lehen San Pedro jaiak abiatuko dituzte gaur arratsaldean. Ttonttorro gogotsu dago festei hasiera emateko eta Igeldoren izaera berriari merezi duen ongietorria egiteko. Herriko plazan izango da, 20:00etan. Ordutik aurrera, bost eguneko programaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. San Pedro jaiak uztailaren 2ra bitarte biziko dituzte, baina atseden egun batekin. Datorren astelehenean, ekainaren 30ean, ez da jarduerarik izango eta indarrak berreskuratzeko aprobetxatuko dute. Egitarau osoa hemen daukazue.
«Urteroko egitarauaren oinarriari eutsi diogu, herritarrek gustuko dutena mantentzea delako Ttonttorro jai batzordearen helburua. Urtetan harrera ona izan duten jarduerei jarraipena ematea gustatzen zaigu, eta proposamen berriak jaso ordukoko, horiek aurrera eramaten saiatzen gara», azaldu du Oihane Arruti jai batzordeko kideak. Hori dela eta, aurtengo jaiek berrikuntza ugari dituztela nabarmendu du: «Bihar, bi ditugu. Batetik, lehen aldiz egingo dugu mojito lehiaketa bazkalostean. Bestetik, goizeko patata tortilla txapelketaren ordez, pintxo lehiaketa izango dugu. Beste nobedade garrantzitsua estreinakoz egingo dugun bakarrizketa saioa da. Uztailaren 2an izango da, eta umoregile ezagunek parte hartuko dute».
Eskaintza «aberasteko» asmoarekin gehitu dituzte jarduera berriak. «Igeldoko San Pedro jaiak oso parte hartzaileak dira, eta adin tarte guztientzako jarduerak ditugu. Ordea, ikusle gisa gozatzeko jarduerak indartzea erabaki dugu aurten», adierazi du Arrutik. Aurreneko aldiz egingo duten bakarrizketa saioarekin batera, aipatzekoak dira biharko bertso saioa eta etziko kirol probak.
Dena dela, berrikuntza esanguratsuena beste bat dela aitortu du Arrutik. Hasieran aipatu moduan, Igeldo toki entitate txiki izendatu osteko aurreneko San Pedro jaiak izango dira. Zehazki, iazko abenduaren 20an jaso zuen izendapena. Aldiz, batzorde kudeatzailea iragan martxoaren 6an sortu zuten, eta hilabete berean egin zuen sorrera festa. Ordutik aurrera Igeldoren beharrak kudeatzen dihardute, eta, noski, San Pedro jaien antolaketan ere parte hartu dute. «Horri esker, aurrekontu handiagoarekin prestatu ditugu festak. Jarduera asko TETaren bidez antolatu ditugu, eta Donostiako Udalarekin ere beste hainbat kontu bideratu behar izan ditugu. Jaietarako diru gehiago izan arren, ez da asko nabarituko. Jaien ohiko esentzia mantendu dugu», azaldu du Arrutik.
Ttonttorroren laguntzaileak
Igeldoko San Pedro jaiak aurrera eramateko, lantalde txikia du Ttonttorro jai batzordeak. Ordea, laguntzaile eta bitartekari sare zabala dute herritarren artean. «Urtez urte ondo moldatzen gara jaiak antolatzeko, eta lasai gaude herritarrak beti daudelako laguntzeko prest», nabarmendu du Arrutik. Herritar horiek dira festarako gogotsu daudenak, eta Igeldon prest daude Ttonttorroren igoerarako: «Herrian nabaritzen da jendea jaiak hasteko irrikan dagoela. Iragan asteburuan motorrak berotu eta San Joan bezperan sua piztu ondoren, berezko festak bizitzeko gogotsu gaude denok».