Yago Agirrek Espainiako txapelketa irabazi du, berriz ere
Granadako 23 urtez azpiko errepideko lasterketa irabazi du txirrindulari donostiarrak.

Espainiako 23 urtez azpiko txapelketa irabazi du Yago Agirre (Loiolako Erribera, 2004) txirrindulariak, Euskadiko selekzioarekin. Ihesaldi bat borobilduta iritsi zen atzo bakar-bakarrik Granadako helmugara. 2022an ere irabazi zuen Espainiako errepideko txapelketa, gazte mailako kategorian. Atzo lorturiko urrezko domina, berriz, mugarritzat har dezake donostiarrak.
Hain zuzen ere, duela bi urte gertatu zen modu berean, Agirre eguneko ihesaldian sartu zen. Tropelak harrapatuko ez zituela ikusita, pare bat aldiz saiatu zen iheskideak atzean uzten, eta azken muinoan lortu zuen. Ivan Loaisa andaluziarra izan zen bigarren eta Samuel Fernandez hirugarren.
Agirre Donostialdea Bizikletan taldean hezi eta hazi zen. 2022ko denboraldian zeresana eman eta Espainiako txapelketa irabazi ostean, profesionaletara egin zuen jauzia afizionatu mailatik pasatu gabe. Alemaniako Sauerland talde kontinentalak eman zion aukera, eta bi urtez aritu zen haiekin —2023an eta 2024an—.
Ordea, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen iaz, eta aurten Euskadi Fundazioarekin lehiatzen ari da afizionatuetan. Sasoi honetan lortu duen garaipen bakarra da atzokoa, afizionatu mailako bere lehendabizikoa. Aurretik, ohorezko postu gutxi batzuk eskuratu ditu. Zortzigarren bukatu zuen Muelas del Pan sari nagusian, eta duela gutxi jokatu den Circuito Montañes itzulian, bosgarren sailkatu zen bigarren eta azken etapan. Gainera, bederatzigarren postuan bukatu zuen sailkapen nagusian.