'Basamortua' argitaratu du Belek, udararako kantu beroa

Udaren berorako kantu beroa argitaratu berri du Belek. Basamortua du izena kantuak, eta oraingo honetan, bideoklipik gabe argitaratu dute, “belarriekin soilik entzuteko”.
Bizitzan pasatzen diren une zailei egiten die erreferentzia kantuak, eta itxaropena eskaini asmo du, “optimismora kondenatu gabe bada, hobe”. “Basamortuan egongo den hurrenari” itsasargi bat emanez.
Lide Hernandoren proiektua da Bele, eta Iñigo Etxarri ekoizlearekin batera, funk eta disco erritmoekin garatu dute azken single hau. Iaz argitaratu zuen Herrari albuma Belek, eta aurkezpen kontzertu batzuen ostean, geldialdi bat egiten ari da. Izan ere, Hernando Fermin Muguruzaren munduko biran gitarra jotzen ari da. Hernandok berak azaldu duenez, ordea, bira bitartean lanean ari da, eta Belek jarraituko du kantuak argitaratzen. Basamortua da, beraz, datorrenaren aurrekari txiki bat.