Bolo-Bolo Weekend jaialdia sortu dute, Irungo BloodyMary dendaren urteurrenean

Irungo BloodyMary disko denda mitikoak 35. urteurrena ospatuko du, musika alternatiboko jaialdi berri batekin: Bolo-Bolo Weekend izena izango du, eta 2025eko urriaren 3an eta 4an izango da, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Musikari, diskoei eta kontzertuei eskainitako ibilbidea omentzeko sortutako ekimena da, eta helburua da hiriko kultura arloan erreferentziazko ekitaldi bihurtzea. “Urte hauetan guztietan gurekin izan ditugun talde guztiak eta jendea omentzeko modu bat da. Bolo-Bolo Weekend irudikatzen dugun Bloody Mary festa handi horren tenplua da”, dio Irungo enpresa sustatzaileak.
Espainiako eta Euskal Herriko talde “eklektikoekin” osatu dute kartela, eta bertan izango dira, besteak beste, Grande Amore, Aiko El Grupo, Dame Area, Lukiek, Mikosis eta Silitia. Indabe eta Zeba taldeak izango dira Donostiako ordezkariak.
Sarrerak uztailaren 2tik aurrera jarriko dira salgai, 11:30ean, Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.