Dantza, ekitaldi politiko gisa: Lore Baratzak Palestinaren aldeko festa bihurtuko da igandean
Brava, Flaca, Gela, Frances Be eta Ines DJ-ek antolatu duten Palestinaren aldeko jaialdiak, dirua biltzeko helburua izateaz gain, "erresistentziarako, zaintzarako eta askatasunez adierazteko espazio bat" sortzea du helburu.

Uztailaren 6an, Uliako Mintegien Parkean egun berezia antolatu du Krii kolektiboak. Hitz hauekin definitu dute jaialdia: “Musika, komunitatea eta elkartasuna uztartuko dituen jardunaldi bat, Palestinako herriari laguntzeko dirua biltzeko helburuarekin”.
Ekitaldia Donostia eta Londres artean dabiltzan DJ talde batek antolatu du —Brava, Flaca, Gela, Frances Be eta Ines—, Palestinan gertatzen ari den genozidioaren aurrean sentitzen duten “amorru” eta “frustrazioaren” ondorioz. Azaldu dutenez, haientzat, “klub kulturak dantza pista bat baino gehiago izan behar du: erresistentziarako, zaintzarako eta askatasunez adierazteko espazio bat”.
Klub kulturaren “jatorri politiko” horretan inspiratuta, ekitaldi bat antolatzea erabaki dute, “dantza aktibismoaren adierazpide bihurtuz”. Horretarako, Alai, Lamia Mari, This Ist, Ofensa eta Siwanaba tokiko DJ-ak batu dira egitasmora. Ekitaldia kolektiboa eta autogestionatua izango da, eta bildutako diru guztia Palestinarekin elkartasunezko ekimenetara bideratuko dute.
Zaintza, komunitatea eta konpromisoa
Topaketa 11:00etatik 20:00etara izango da Uliako Mintegien Parkean, auzokideek kudeatutako parke ezagunean, ekitaldiaren “filosofiarekin bat datorrena”. Hau da: zaintza, komunitatea eta konpromisoa.
Gainera, Donostia Palestina elkarteak prestatutako ogitartekoak eskainiko dituzte. Elkarte honek informazio eta dohaintza gunea ere izango du bertan. Ekonomikoki hiru modutan lagundu ahal izango da: janaria, edariak eta zozketa txartelak erosiz; egunean bertan egongo diren kutxetan dirua utziz eta Bizum bidez, banku aplikazioan EMAN/DONAR atalean sartuta, 08837 kodea erabiliz edo Mundubat Fundazioa bilatuz, DONOSTIA kontzeptuarekin.
Horrez gain, Donostiako proiektu eta norbanakoek emandako produktuekin eta zerbitzuekin osatutako saskien zozketa ere egingo dute. Parte hartzaileen artean hauek daude: Maria Laspiur, Hunky Dory, Dabadaba, Estudio Primo, Dela, Wohou, Luisa Chillida, Elkano 1, Groseko Indarra, El Bunker, Polts eta beste hainbat kolaboratzaile.
Nora bideratuko da bildutako dirua?
Eskudirutan bildutakoa Donostia Palestina elkarteak kudeatuko du, eta Donostian babesa bilatzen duten palestinar familien laguntzarako erabiliko dute.
Bizum bidezko dohaintzak Yala Nafarroak eta Gernika Palestinak bideratuko ditu UPWC (Palestinako Emakumeen Batzordeetako Elkartea) eta UAWC (Palestinako Nekazarien Batzordeetako Elkartea) erakundeetara. Bi erakunde hauekin harreman zuzena dute.
“Zaintzen den espazioa, elkar zaintzeko”
Antolakuntzak espazioa errespetatzeko eta zaintzeko deia egin du: “Partaideei eskatzen zaie beren edalontziak etxetik ekartzea, ahal den hondakin gutxien sortzeko. Zaborra jasotzea eta landare, baratze, komun eta parkeko altzarien zaintza funtsezkoak izango dira. Ez da inolako jarrera matxista, arrazista, LGTBI+foborik edo gorroto jarrerarik onartuko”.
Uztailaren 6an, dantza “ekintza politiko bat izango da”: “Indarrak batzea, beste alde batera ez begiratzea, komunitatea biltzea eta Palestinarentzako justizia aldarrikatzea”.