Nafarroa etorbideko bidegorria espaloitik atzeratzeko eskatu du Kalapiek

Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak Nafarroa etorbideko bidegorri zati bat espaloitik kendu eta galtzadara eramatea proposatu dio Donostiako Udalari.
“Bidegorria espaloitik igarotzen den tarte bat dago, metro gutxi batzuetakoa, Ategorrietako galtzada zaharrera sartu aurretik. Oinezkoak eta bizikletek espazio txiki bat partekatzera behartuta daude, eta horrek behin eta berriz eragozpenak eta gatazkak sortzen ditu”, azaldu du Kalapiek.
Basque Culinary Centerren eraikin berriaren obrak direla eta, Zurriolarako zirkulazio erreietako bat itxita dago, maiatza bukaeratik. “Hori dela eta, ekain osoko aste hauetan trafikoaren bilakaera aztertzen ibili gara egun eta ordu tarte desberdinetan, ibilgailuen joan-etorri handieneko uneak barne. Uneoro, zirkulazioa arina izan da eta ez da auto ilararik ikusi. Hori dela eta, ondorioztatzen dugu Nafarroa etorbidearen zati honek modu egokian funtzionatu dezakeela noranzko honetan zirkulazio errei bakarrarekin, modu iraunkorrean”, nabarmendu dute.
“Bidegorri zatia espaloitik galtzadara eramateren bideragarritasuna da aztertu beharrekoa. Neurri honi esker, espaloian espazioa libre geratuko litzateke, eta, horrela, oinezkoen nahiz bizikletaz mugitzen diren pertsonen segurtasuna eta erosotasuna hobetuko luke”, gaineratu du elkarteak.
Manteoko eskailerak
BCCren egoitza berria eraikitzeko Manteoko eskailerak kendu izana kritikatu du Kalapiek. “Era honetako erabakiek mugikortasunaren ikuspegia kontuan hartu beharko luke beti, eta, bereziki, oinezkoen mugikortasunari kalterik ez eragitea, hori baita lehenik eta behin sustatu behar dugun mugikortasun modua. Hortaz, espero dugu Manteoko bizilagunei oinezko sarbide eroso eta segurua bermatuko dien soluzio bat aurkitu ahal izatea”, adierazi dute.