Udala pozik, tasa turistikoarekin
Jon Insausti zinegotziak balorazio positiboa egin du: «Ez du eragingo jende gutxiago etortzea, baina bai udalak diru sarrera zuzen bat izatea»

Donostiako Udala pozik agertu da Gipuzkoako Foru Aldundiak tasa turistikoa ezartzearen alde agertu izanarekin. Jon Insausti turismo zinegotziak aldundiari eskatu dio “energiaz eta irmotasunez ekin diezaiola” arau hori idazteari, udalbatzan onartu dadin.
“Optimista” izanda, 2026. urtean egongo da aktibo zerga hau eta gau bakoitzeko udalari zuzenean ordainduko diote bertan gaua egiten duten turistek.
Hemendik aurrera, beraz, udalak zenbateko bat jasoko luke gaualdiko. Insaustik adierazi duenez, “alojamenduen laguntza” behar dute horretarako, hotel eta ostatuak izango baitira zerga hau kobratzearen arduradunak. Eta, gero, udalak “erabakiko du” zertarako erabiliko duen: “Donostiarrentzat bizi kalitatea hobetzeko. Donostiarrentzat ona dena, gu bisitatzera datozenentzat ona izango da: izan garraio publikoa, izan zientzian eta ezagutzan hobetzea, euskaran…”.
Turismoa da donostiarren kezka iturri nagusietako bat, eta neurri hau mahai gainean izan da aspalditik. Edonola ere, ez da aurreikusten bisitari kopurua jaistea neurri honekin. Halaxe onartu du Insaustik: “Tasa turistikoak ez du eragingo jende gutxiago etortzea, baina bai eragingo du udalak diru sarrera zuzen bat izatea Donostian lo egiten duten pertsonen aldetik”.