Bizkaiko uretan hasiko dira traineru donostiarren lehiak

Donostiako hiru traineruak jardunaldi bikoitzarekin hasiko dira bogan, Euskotren eta Eusko Label ligetan. Bihar Bilboko bandera izango dute jokoan (17:20ean), eta etzi Sestaokoa (11:25ean).
Emakumezkoen Euskotren ligan ariko dira Donostia Arraun Lagunak, azken bi urteotako txapelduna, eta Donostiarrako nesken trainerua. Guztira, hamasei jardunaldi izango ditu ligak, eta beste sei traineru izango dituzte parez pare: Tolosaldea, Orio, Hondarribia, Hibaika, Astillero eta Zumaia.
Lehia polita espero da emakumezkoen ligan, txapelketetan Donostia Arraun Lagunak eta Tolosaldea elkarri mokoka aritu direlako. Lugañenea ontziak Gipuzkoako eta Espainiako txapelketak irabazi zituen, eta Euskadikoan gailendu ziren tolosarrak. Ligan, berriz, ikusi beharko da elkarren arteko pultsua zenbaterainokoa izaten den.
Donostia Arraun Lagunak-ek bandera guztiak irabazi zituen iaz, eta erronka polita dute hori berdintzeko. Aldiz, estropada guztiak ez zituzten irabazi, eta horren bila badoaz, errekor esanguratsua ezarriko lukete. Horrez gain, ligako laugarren titulua eskuratzeko aukera dute. Aldiz, Donostiarrak laugarren tokian bukatu zuen iaz Euskotren liga. Banderen lehian sartu, baten bat irabazi eta onenekin aritzeko, txapelketetan emandako maila nabarmen hobetu beharko dute. Bestalde, berezitasun bat izango du aurtengo Euskotren ligak: Donostiako traineru onena sailkatuko da zuzenean Kontxako Banderara. Besteak kanporaketa jokatu beharko du.
Gizonezkoen ligan, Donostiarrak beste urrats bat egin nahi du Eusko Label ligan. Azken urteotan, bigarren postutik gora begira jartzeko arerio indartsuren bat izan dute. Iaz Urdaibai izan zen, eta Zierbena ere aurretik izan zuten. Donostiarrak sailkapeneko hirugarren tokian bukatu zuen liga. Aurtengo aurkaria, berriz, Orio izango dela dirudi. Ligak hemezortzi jardunaldi izango ditu, eta aipaturiko aurkari zuzenarekin batera, beste hamar izango ditu Torrekua ontziak: Zierbena, Hondarribia, Getaria, Lekeitio, Ondarroa, Cabo, Kaiku, San Juan eta Ares.