Gure txakurra da-ta...

Azken boladan, turismoaren kontrako iritziak entzuten ari gara gurean, hura bailitzan Donostiak dituen arazo guztien erruduna: hiritarron ongizatea kaltetzea, loa eta atsedena eragoztea, etxebizitzaren eskasia sorraraztea, gazteak euren auzotik alde egitera behartzea, kale eta plazak mukuru betez bertakoei ibiltzeko eta egoteko tokirik ez uztea… Turismoa gaitz ororen sortzaile. Euskarari ere kalte egiten omen dio turismo deabruak! Irutxulo-ko lagunek gai honen inguruan hausnartzeko proposamena egin didate. Erraza nuke modan dagoen turismofobia hauspotuko lukeen zenbait kontu aletzea. Nik, ordea, deabruari adar-buztanik atzematen ez eta, hiritar arduratsuak behar duen gisan, turismoak Donostiari eta donostiarroi dakarzkigun onurak azaltzen saiatuko naiz.
1.- Turismoak MUNDUKO MAPAN kokatzen gaitu. Bisitariek, euren herrialdera itzulitakoan, hemen bizi izandako experience zoragarriaren berri emango dute eta Basque Country famatuko dute, Donostia norako turistikoen lehia globalaren puntaren puntan jarriz. Eskerrak eman beharko genieke hona datozenei gure hiriaren enbaxadore prestu eta debaldekoak izateagatik.
2.- Turismoa NOR GAREN azaltzeko aukera ezin hobea da. Gure izaera erakusteko, gure balioak, gure kulturak, gure Pintxo (ez gure txakurra), gure txiskeik, gure hizkuntzak (euskara ere bai!), gure tradizioak, gure errazio eta Pintxoak…
3.- Turismoak ABERASTASUNA dakar. Denontzat. Gure partea noiz eta non jasoko dugun oraindik zehaztu gabe badago ere. Aukerak baliatzeko erne egon beharra dago, hori bai. Eta lanpostu asko sortzen ditu. Zuzenekoak batzuk, hala nola, free-tour gidari, kamarero, souvenir saltzaile, kaleko musikari edo malabarista, beste zerbitzu eta enpresa txiki, ertain eta handi sortzen eta sortuko ditu: hotel gehiago, kamarero gehiago, terraza dekoratzaile, souvenir saltzaile, Pintxo berrien sortzaile, ikertzaile kulinario, free-tour gidari gehiago, malabaristak, Vaya Semanita-ko txikiteroen imitatzaileak…
4.- EUSKARA negoziorako traba delako ustea aski zabaldua dagoen arren, turismoaren jardueran ezinbesteko pieza diren ostalariek ondotxo dakite, turistak, Pintxoarekin aski ez eta kultura ere kontsumitu nahi duela. Horren jakitun, euskararen presentzia indartzen saiatzen dira euren kartel, arbel, horma, Menú eta abarretan, euren produktu estimatuenak euskal grafiaz jantzirik (txakolí, Pintxos, txuletón, kokotxas, pantxineta…). Free-tour gidariak ere, gure kulturaren eta gure hizkuntzaren antzinatasunaz, edertasunaz eta zailtasun exotikoaz luze mintzatzen dira euren tour-etan. Euskaldunak ez direnak ere saiatzen dira bisitariari euskarazko zenbait hitz eta esamolde erakusten. Neronek entzundakoak dira «Aupa i ostia!» edo «Egunon polvorón».
Saiatzen dira bisitariari euskarazko zenbait hitz eta esamolde erakusten. Neronek entzundakoak dira «Aupa i ostia!» edo «Egunon ‘polvorón’»
Adi, beraz. Turismoaren aurkako oldarraldia bizi dugu. Gure gaitz guztien errudun gisa aurkeztu nahi digute. «Inbasio isila» ere izendatu du baten batek. «Kolonialismo mozorrotua» botatzen ausartu da beste ahobero bat. Hamaika entzuteko jaioak gara! Ordua da turismoa arazo gisa ikusteari utzi eta aukera gisa balia dezagun. Ezaren klubeko kritikei entzungor egin eta berreskura dezagun Donostia beti izan den hiri abegikor, kosmopolita, ireki, alai eta Pintxoa (ez txakurra).