Hamaika jarduera ospakizun bakarrerako

Urteurrenaren egunean bertan, maiatzaren 12an, ekin zioten ospakizunei, uliatarrekin batera kultur etxean askaria eginda. Data horretatik azarora arte zabaldu dituzte jarduerak, besteak beste, pilota partidak, hitzaldiak Auzoa Amesten marrazki eta ipuin lehiaketa haurrentzat edota urteurreneko logoa diseinatzekoa burutu dituzte. San Joan sua izan da orain arteko azkena, uda garaian eten txiki bat egingo baitute, irailean berriro heldu aurretik.
Irailaren 26tik urriaren 31ra bitartean Auzo ondarea erakusketa parte hartzailea ikusgai jarriko dute. Horretarako, azken 50 urteetako memoria jaso nahi dute, argazki, koadro edo dena delakoen bidez auzoaren eraldaketa islatzeko. Parte hartzeko, irudiei sakelakoarekin argazki bat atera eta emailez bidali behar da 50urtemugaulia@gmail.com helbidera, nork bidaltzen duen, zein urtetakoa den, lekua eta zer ikusten den —«nire birramonaren urtebetetze festa»— azalduz. Hasi dira jasotzen eta iraila arte jarri dute epea. Ondoren, hamarkadaka antolatuko dituzte eta garaiari buruzko argibideak gehituta, panelak egingo dituzte. Bisita gidatuak egin nahi dituzte ikasleekin. «Ikastetxe asko ditugu inguruan. Hona ekarri eta egungo belaunaldiek ezagutzen ez duten hori guztia transmititu. Guk gurasoengandik edo aitona-amonengandik jaso genuen ondarea, baina egungo ikasleek, ez», zehaztu du auzo elkarteko kide Beatriz Menak.
Irailean, Lurraren Espekulazioaren Martxa ere aurrera eramango dute. Umorea eta kritika ardatz izango dituen lasterketa bat da, bizikletaz, patinez… parte hartu ahal izango da. Halaber, udazkenerako iragarritako GOe eraikinaren hiru inaugurazioen harira, mobilizazioak egingo dituzte.
Ondareari lotuta, berriz, auzoari buruzko Ategorrieta liburua idatzi zuen Xabier Ricok hitzaldia emango du irailean, eta urrian, berriz, Xabier Peñalbert bizilagunak hitzaldi entografiko-arkeologiko bat emango du. Datak zehazteke dituzte.
Oporraldiaren ondoren, horiez gain, bestelako jarduerak ere aurrera eramango dituzte azaroaren 7ra bitartean. Aipatu egunean, berriz, 50. urteurreneko ospakizunak bukatzeko festa egingo dute