«Hiri honetan heavy metal zale gutxi egon dira betidanik»
Donostiako Heavy Jaiari esker da ezaguna Jesus Navarro (Antigua, 1964). Zaletasunak bultzatuta hasi zen antolatzen, eta, aurten, 23. edizioa egin dute. Larratxo Kultur Etxeko beste heavy metal jaialdietan eta Euskal Herriko zein Espainiako beste hainbatetan ere aritzen da laguntzaile gisa. Hori gutxi balitz, Killwolf taldeko abeslaria ere bada.

Zergatik aukeratu duzu taberna hau?
Ez zen nire lehen aukera, Groseko beste bat nuelako buruan, turistak baino auzotar gehiago izaten dituena. Ordea, hona etortzea erabaki dut, lasaiago hitz egiteko lekua iruditzen zaidalako.
Eta nolatan ez duzu taberna heavy bat hautatu? Donostian, oraindik, badira bi…
Eguerdia delako eta askoz ere beranduago irekitzen dituztelako Basati eta Minuto y Medio tabernak. Bestalde, bi taberna horietan ibiltzen diren gehienak ezagutzen ditut, eta solasaldia hau etenik gabe egitea kostatuko litzaiguke [barrez].
Donostian ezin da jakin zenbat heavy metal zale dauden, baina zu horietako bat zara, ezta?
Noski, baina gutxi gara. Jendeak pentsa dezakeena baino gutxiago. Horrela izan da beti, Donostia oso pijoa delako. Hiri honetan heavy metal zale gutxi egon dira betidanik. 1980ko hamarkadan, hemen heavy metal zale asko ibiltzen zirela egia da, baina gehienak kanpotik etorritakoak ziren. Bertako heavyak oso gutxi ginen eta gara.
Hain zuzen ere, Donostia izan zen heavy metalaren hiriburuetako bat aipatu duzun 1980ko hamarkadan. Garai hura bertatik bertara bizi ahal izan zenuen. Iragan hartako zerbait geratu al da hirian?
Oroitzapenak eta mitoak, besterik ez. Nire adineko beste heavy metal zale batzuek kontatzen dutenaren oso bestelakoa da garai hartan bizitakoa. Ez zen egungoa baino hobea edo okerragoa. Are gehiago, egungo kontzertuetako giroa hobea dela iruditzen zait.
Zergatik?
Orain, kontzertu batera joaterakoan, musikariekin duzun harremana gertuagokoa da. Bestalde, 1980ko hamarkadan ikustea ezinezkoa zen talde batzuk ikusteko aukera izan dut gaur egun. Orduan, betiko lau talde handiak eta ezagunak etortzen ziren.
Belodromoa eta Gaska kiroldegia izan ziren heavy metalaren plazak. Illunben eta Anoetan ere antolatu izan dira kontzertuak. Iaz, Rammstein aritu zen futbol estadioan. Orain, ordea, Larratxoko kultur etxea da heavy metalaren plaza bakarra?
Tamalez, bai. Antiguako Doka antzokian ere heavy metalak lekua izan du azken urteotan, baina orain itxita dago. Larratxorekin batera, Mogambo aipa daiteke, Donostiaren eta Trintxerperen mugan badago ere. Ordea, leku berezi samarra da.
«Heavy Jaiak aurrera jarraitzea nahi du Donostia Kulturak, baina erraztasunik jarri gabe»
Larratxo ondo baino hobeto ezagutzen duzu, zuk sortu zenuen Heavy Jaiaren edizio gehienak han egin dituzulako.
Heavy Jaiaren aurrekaria eta testuingurua kontatu nahi nuke. Soldaduska Ferrolen (Galizia, Espainia) egin nuen, eta gogoan dut han heavy metal zale asko topatu nituela. Ostiralero elkarte batean elkartzen ziren heavy metal eta hard rock taldeen bideoak ikusteko.
Donostiara itzuli nintzenean, konturatu nintzen giro hura ez zegoela hirian, eta gutxi batzuk ginela tabernaz taberna ibiltzen ginen heavyak. Orduan, lagun horiek elkartu eta festa bat antolatzea erabaki genuen. Ondarretako Tenis zaharrean eskoletako jaiak egiten zituzten, eta festa heavy bat egiteko baimena eskatu genuen. Baita eman ere. 1987an egin genuen jai hura, eta soilik musika jarri genuen, kontzerturik gabe. Gainera, orduan sortu genuen play-back lehiaketa. Beste hiru urtez, heavy metal festaren eredu bera mantendu genuen, baina Egiako gaztetxean.
Larratxo ondo ezagutzen duzu, Heavy Jaiaren edizio gehienak han egin dituzulako. Noiz eta zergatik sortu zenuen?
Gogoan dut Saxon taldearen kontzertu batetik bueltan, Javito eta biok berotu egin ginela. Donostian heavy metal jaialdi bat sortu behar genuela esan genion elkarri. Bi egun beranduago, Javitok deitu ninduen, eta ideia hura aurrera eraman behar genuela esan zidan. Horrela, 2000. urtean lehen Heavy Jaia antolatu genuen Irungo Tunk! aretoan. Aldiz, urtebete geroago, jaialdiari Larratxon jarraipena emateko aukera eman ziguten, eta gaur egun arte.
Otsailean, 23. Heavy Jaia egin zenuten. Azkena izango da?
Badirudi baietz. Heavy Jaiak aurrera jarraitzea nahi dute Donostia Kulturak eta Larratxo Kultur Etxeak, baina erraztasunik jarri gabe. Otsailean, Larratxoko taula gainetik adierazi genuen Heavy Jaiaren ibilbide luzearen bukaera zela. Ordutik, denbora pasatu da, eta ez digute inolako erraztasunik eman 2026koa prestatzen hasteko. Beraz, bai, ezusteko pozgarririk ezean, azkena izan dela dirudi.
Ez dago erreleborik?
Gustatuko litzaidake. Saiatu naiz heavy metal zale gazteagoen esku uzten Heavy Jaia, baina momentuz ez du inor aproposa topatu. Gainera, jaialdiaren esentzia eta izaera mantentzea gustatuko litzaidake. Heavy metal, hard rock, power metal edo thrash metal doinuak jorratzen dituzten taldeak programatzearekin batera, play-back lehiaketa, zozketa eta diskoen banaketa dira festaren ezinbesteko osagaiak. Horiek gabe, hobe da Heavy Jaiari bukaera ematea.
Antolaturiko jaialdi guztietatik, zein talderen kontzertuak nabarmenduko zenituzke?
Hiru aipatuko ditut: Amset, Brainstorm eta Freedom Call.
Heavy Jaian ez ezik, beste jaialdi batzuetan ere lanean aritzea gustatzen zaizu, baina itzalean eta ezkutuan. Zergatik?
Ez dudalako zertan argazkian atera behar, eta ez dudalako dominarik jantzi nahi. Laguntzea da nire bokazioetako bat, eta heavy metal kontzertuak zein jaialdiak aurrera eramateko balio badu, beti prest egongo naiz. Dagokidan lekuan nago, eta horrekin pozik.
Aldiz, Killwolf heavy metal taldearekin pausoa eman eta abeslari gisa zabiltza. Nolatan erabaki duzu orain hartzea mikrofonoa?
Heavy Jaiaren ardura uztekotan nintzela jakin zuten taldekoek, eta pandemiaren aurretik, Bizargorri tabernan geratu ginen bilera bat egiteko. Behin betiko abeslaria topatu bitartean, zituzten abestiei ahotsa jartzea proposatu zidaten, eta animatu nintzen. Ordea, pandemiak bilaketa zaildu zuen, eta kantari finkorik topatu ez zutenez, nirekin aurrera jarraitu nahi zutela esan zidaten. Ezustean harrapatu ninduen erabakiak, baina haiekin bat egin nuen.
‘Farándula de Terror’ bigarren diskoa duela gutxi argitaratu duzue. Taldearen bigarren aro honetan gogotsu zaudete heavy metal klasikoa jorratzeko, ezta?
Bai, horixe. 2019an Joseitok taldea suspertu zuenetik, bi disko plazaratu eta kontzertu ugari eman ditugu. Harrera ona izan du jorratzen dugun gaztelaniazko heavy metalak. Azaroaren 29an, Larratxon ariko gara Zenobia eta Dravernue bandekin batera.
Ordea, ez zara musikari esker bizi. Zein da zure bizibidea?
Merkataritzako Ontzidiko Pilotu titulua daukat, baina garbitzaileen sektorean daramatzat urte gehien. Duela urte batzuk Limpiezas Navarro enpresa propioa sortu nuen, eta horretan dihardut emaztearekin batera. Dena dela, gutxi falta zait erretiroa hartzeko, baina heavy metal zalea izaten jarraituko dut.