Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte
Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».

Euskal Herria Hollywood balitz, aspaldi izango genuke gure historiako ihesaldi ezagunenaren filma. Baina pelikulak garestiak dira eta, normalean, estatuen kultura politiken mendekoak, eta, horren ordez, himno bat dugu Piti eta Sarriren ihesaldia gogoratzeko.
40 urte beteko dira astelehenean, San Fermin egunez, Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionandia preso politikoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Non, eta bozgorailu batzuetan ezkutatuak. Noren, eta Imanolen kontzertu baten ostean.
Talde gonbidatuaren furgoneta
Mota honetako ekintza baten xehetasun guztiak jakitea ia ezinezkoa den arren, urteek aurrera egin ahala, antzeko bertsioa zabaldu izan da beti. Itxura guztien arabera, Mikel Albisu idazle donostiarrak antolatu zuen ihesaldia, hiriko zirkulu intelektual eta literarioetan zuen ospea aprobetxatuta. Imanolek berak «asko miresten» zuela onartu zuen, ihesaldiagatik atxilotu ostean askatu zutenean.
Halaxe kontatu zuten, behintzat, Imanolen kontzertuan parte hartu zuten guztiek, haiek ezer ez zekitela argudiatuz. Honela oroitu zuen Juanan Ros teknikariak: «Kontzertua baino egun batzuk lehenago, talde gonbidatu bat izango zela jakinarazi ziguten. Gure furgonetaren atzean, beraz, Mikel zihoan, beste furgoneta batekin».
Materiala kargatzerakoan, bi bozgorailu handi ikusi zituzten, eta «arraroa» zela onartu zuten, honelako areto batean ez baitzen horren ekipo handirik behar. Hori, eta baxu elektriko zahar bat, lau sokatik bat puskatua zuena. Bigarren ezusteko bat izan zen: Albisuk jakinarazi zienean talde gonbidatuak «azken momentuko» istripu batengatik ezin izango zuela kontzertu hori eskaini. Hortik aurrera gertatutakoa jakina da: Imanolek ohiko kontzertua eskaini zuen, eta, bitartean, bi presok askatasuna berreskuratzeko bihurrikatze praktikak egin zituzten, bozgorailu «handiegi» horien barruan. Hori ere ondo jakingo ez den arren, Pikabeak azaldu zuenez, zozketa bidez aukeratu zuten bera iheserako, eta hilabeteetan zehar landutako ihesaldia izan zen.
Egia auzoan ezkutaturik
Ainhoa Zabartek EITBrentzat egindako Ahaztu aurretik: Martuteneko ihesaldia (2020) dokumentalean jasotzen dira xehetasunok. Eta bada dokumentu harrigarri bat: ihesaldia egin ostean ezkutatuak izan ziren etxeko jabeari elkarrizketa. Egian bizi zen artean Jesus Mari Aranguren bere emazte eta alabarekin, eta bertan ezkutatu ziren Pikabea eta Sarrionandia, ia hiru hilabetez. «Martutenetik bi preso ateratzeko aukera zegoela esan zidaten, eta ideia horrek liluratu egin ninduen. Beldur handia nuen, baina horri aurre egin, eta aurrera behar zenarekin», dio Arangurenek.
Arangurenek aitortu zuenez, «nerbio handiko egunak ziren», Polizia auzoan «gora eta behera» ibiltzen zenean, sirenekin, zer esanik ez. Ihesaldi guztiek nola, epikotik gutxi izan zituzten egunok etxe horretan. Etxeko alabarekin jolasean eta El Coche Fantástico telesaila ikusten eman zituzten egunak iheslariek, harik eta irailean, estropaden ostean, muga pasatzea lortu zuten arte.
Arangurenek auto bat alokatu zuen, eta Hondarribira joan eta etorria egin zuen. Ostean, etxera itzuli, eta iheslariak, emaztea eta alaba autoan sartuta, berriro ere egin zuten Hondarribira bidaia. Alde Zaharrera iritsi, eta Sarrionandia mugalariarekin elkartu eta han egin zuten bidaiaren hurrengo zatia. Arangurenek oroitzen duenez, «lasaitu» itzela hartuta, familiarekin egun pasa ederra egin zuten Nafarroan, beldur guztiak atzean utzita.
Kartzelaren kontrako himnoa
Gainontzekoa ere jakina da. Pikabea urte gutxiren buruan atxilotu zuten berriro ere, eta kondena osorik bete zuen Espainiako hainbat kartzeletan. Sarrionandia, berriz, ez, eta batetik bestera ibili ostean, Kuban izan zen, Martin ezizenarekin bizitzen, eta bertatik idazten, 2016ean bere egoera publiko egin zuen arte. Euskal Herrira itzuli zen 2021ean, Espainiako justiziarekin inolako zorrik gabe.
Ihesaldi hura euskal herritarren iruditerian geratzearen arrazoi nagusietako bat Kortatu taldeak eginiko Sarri, Sarri kantua da. Toots and the Maytals taldearen Chatty Chatty kantuaren bertsioa da, eta Muguruza anaiek AEK-ko irakasle zuten Lourdes Darcelesekin eta Josu Landa idazlearekin batera idatzi zuten.
Patxi Lopez lehendakari ohiak ere onartu zuen kantua dantzatu izana —bere ospearen erakusle—, baina ezin uka askorentzat poz iturri erraldoia izan zena, azkura arrazoia ere badela beste batzuentzat. 2024. urtean, hain zuzen, Fermin Muguruzak kontzertua eman zuen Martuteneko kartzelan Des-Kontrol taldearekin batera, eta kantua abestu zuen. Kontzertuko zati hori airetik grabatu zela eta, sareetan bolo-bolo zabaldu zen. Covite elkarteak «lotsagarritzat» jo zuen emanaldia, eta biktimentzako «iraina» zela esan zuen. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak «barkamena» eskatu zuen kontzertuagatik eta horrelako ekitaldietan neurriak zorroztuko zituela adierazi zuen, argi utziz, berriro ere, kartzelako legeak eta gizartekoak ez direla berdinak. Edo bestela esanda: salbuespeneko egoera etengabea dela kartzela.
Hain zuzen, kartzelen kontra abestu du Euskal Herriak 40 urtez. Eta, itxura guztien arabera, halaxe jarraituko du abesten, beste 40 urtez; Muguruzaren mundu birak halaxe erakutsi du, behintzat.