Udalak 4,1 milioi euroan zehaztu du Baikari ordaindu beharreko kalte ordaina

Ados jartzea kostako zaie Donostiako Udalari eta Baika Mercados enpresari. Tokiko Gobernu Batzordeak pasa den astean adostu zuen Baika emakidadun ohiari ordaindu beharreko kalte ordaina: 4.155.328 euro. Kopuru hori kenketa baten emaitza da.
Ekaina hasieran, Gipuzkoako Nahitaezko Desjabetzeko Lurralde Epaimahaiak aipaturiko kontratua suntsitzeko balio justua 7.297.535,4 eurokoa zela jakinarazi zion udalari. Erabaki horrekin ados egon ez arren, zenbateko hori aintzat hartuta egin dute kenketa. Baikari 2.438.094,49 euro erreklamatu dizkiote eragindako kalteengatik, eta beste 704.112,66 euro ordaintzeke dauden beste lan batzuengatik. Dena dela, epaimahaiaren ebazpenari errekurtsoa jarriko dio udalak.
Gogoratu behar da iazko uztailean udalak bertan behera utzi zuela enpresaren esku zegoen Bretxako merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko emakida kontratua. Zehazki, finkatutako epea baino 25 urte lehenago. Hori dela eta, Baikak 56 milioi euroko kalte ordaina eskatu zion udalari, baina horren kontra agertu ziren.
Azken hilabeteotan, kalte ordainekin bueltaka ibili dira bi aldeak. Hasiera batean, udal gobernuak 6.221.444 euroan ezarri zuen ordaindu beharreko kalte ordaina, baina aurrez aipaturiko 2.438.094 euroak kenduta, adosturiko epeetan lan batzuk bukatu gabe uzteagatik. Baikak, berriz, aipaturiko 56 milioi euroak erreklamatu zizkion udalari. Desjabetutako objektuaren balioa 33,3 milioikoa zela zehaztu zuen, eta 22,7 milioikoa bestea, sortutako kalteagatik.