Bitik bi, hasteko
Donostia Arraun Lagunak-ek Euskotren ligako lehen bi banderak irabazi ditu asteburuan. Aldiz, Donostiarrako bi traineruak ez dira estropaden lehian sartu.

Hasiera paregabea eman dio Euskotren ligari Donostia Arraun Lagunak-ek. Bizkaiko uretan jokaturiko bi banderak eskuratu zituzten, bi estropadetan Orio bigarren sailkatuari segundo bat baino gutxiagoko tartea aterata. Donostiarrako neskek, berriz, espero baino makalago abiatu dute liga, zortzigarren eta seigarren sailkatuta.
Herenegun, Bilbon, ibaian eta erlojuaren kontra aritu ziren Euskotren ligako zortzi ontziak. Lehia estua izan zen Arraunen eta Orioren artean, baina Lugañenea traineruak lortu zuen denborarik onena (10:42,48). Oso gutxigatik, 86 ehunenekogatik, gainditu zuten oriotarren trainerua (10:43,34). Zumaiak ezustekoa eman zuen hirugarren sailkatuta (10:50,80), eta Tolosaldea izan zen laugarren, txapelketetan emandako mailatik zertxobait urrun. Donostiarrak, berriz, eguneko denbora kaskarrena egin zuen, irabazlearengandik 33 segundora (11:15,96).
Atzo, Sestaon, bezperan zehazturiko lauko bi txandetan aritu ziren traineruak. Are estuagoa izan zen Arraunen (10:48,54) eta Orioren (10:49,00) artekoa, 46 ehunenekogatik irabazi zutelako donostiarrek. Tolosaldea izan zen hirugarren (10:56,36), eta Hibaika laugarren (11:06,96). Donostiarra lehen txandan eta maila hobea aritu zen (11:13,32). Astillero eta Hondarribia atzean utzi zituzten, eta txandako bigarrenak eta eguneko seigarrenak izan ziren.
Aurreneko bi banderak jokatura, Donostia Arraun Lagunak da liderra 16 punturekin, eta Donostiarra zazpigarren tokian dago 4 punturekin.
Gainditu beharreko arerioa
Donostiarrako mutilek asteburu irregularra osatu dute Eusko Label ligaren hasieran. Bilbon hobeto aritu ziren herenegun erlojuaren kontra, hirugarren denborarik eguna eginda (19:52,50). Onena, ordea, Orio izan zen (19:43,58) eta agerian utzi zuen lehen estropadak ezarri nahi duela nagusitasuna, besteak beste, aurreikuspenak bete daitezen. Zierbena izan zen bigarren eta Urdaibai laugarren. Horiek osatu zuten ohorezko txanda.
Sestaon atzo jokaturiko estropadan makalago aritu zen Donostiarra, bosgarren tokian sailkatu zelako (20:36,24). Baliteke bigarren kaleak kalte egin izana Torrekua-ri. Gutxigatik ez zioten laugarren postuari eutsi, baina Hondarribiak ehuneneko gutxi batzuengatik gainditu zituen donostiarrak. Bandera, berriz, Oriok eskuratu zuen, parez parekoan ere hoberenak izanda (20:24,02). Zierbena izan zen bigarrenez bigarren, eta Urdaibai hirugarren.
Sailkapen nagusian, Orio jarri da buruan bi banderak irabazita, eta 24 puntu dituzte. Aldiz, Donostiarra laugarren postuan dago 18 punturekin.