Donostiako etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematen hasteko «premiazko» hiru neurri proposatu ditu EH Bilduk

Laster sartuko da indarrean Donostia tentsio handiko eremu izendatuko duen adierazpena, eta, horrekin, Donostiako Udalak zenbait neurri hartu ahalko ditu hiriko etxebizitzaren alokairuaren merkatua zertxobait arautzeko. Horren aurrean, EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek eta zinegotzi Ricardo Burutaranek agerraldia egin dute astelehen goizean udaletxean, “Donostiako udal politiketan inflexio puntu bat izango diren premiazko eta berehalako hiru neurri” mahai gainean jartzeko. Halaber, gogorarazi dute maiatzean etxebizitzari buruzko udalbatzar monografikoa egin zutela udaletxean, eta EH Bilduk aurkeztutakok 21 neurrietatik, bederatzi onartu zituela udalbatzak.
Lehenik, “inbertsio funtsen mehatxupean dauden etxebizitzetako alokairuen igoerei legeak [2023ko Espainiako etxebizitza legeak] jasotakoa aplikatzea” eskatu dute: “Bentaberri eta Gros auzoetan ehunka etxebizitza daude eta mila pertsona baino gehiago bizi dira funts putreen mehatxu zuzenaren pean, guztiz onartezinak diren alokairu igoerak jasaten. Gure proposamena argia da: etxebizitza legea aplikatu behar da, eta lege horrek ezartzen du indarrean dauden kontratuek ezin dutela KPIa baino gehiago igo”, azaldu du Burutaranek. Hiru proposamenetatik, hau da gauzatua izateko tentsio handiko eremuaren izendapena beharko lukeen bakarra, besteak horren aurretik ere gauzatu litezkeela dio oposizioko alderdiak. “Gainera, eskatzen dugu egoera berri honetan erreferentzia prezioa alokairu berri guztiei ere ezartzea”, gaineratu dute.
Bigarren proposamena “jarduera ekonomikoek okupatutako etxebizitzen erabilera bizitegi erabilerarako berreskuratzea” da; tartean egongo lirateke etxebizitza turistikoak, 1.400 inguru direnak Donostian (legezkoak): “EH Bilduk konpromisoa hartu du berehala lanean hasteko arau aldaketa bat egiteko, lehen solairuetan dauden jarduera ekonomikoak kale mailako merkataritza lokaletara lekualdatzea ahalbidetuko duena. Errenterian arrakastaz burutu da hori, goiko solairuetan dauden lokalak beheko solairuetara lekualdatzeko laguntza ekonomikoen bidez. Horrela, kaleei bizitza ematen diegu hutsik dauden lokalak berraktibatuz, eta, aldi berean, etxebizitzen jatorrizko erabilerarako berreskuratzen dugu: bizitzekoa”, nabarmendu du Burutaranek.
Hirugarrenik, “merkataritza lokaletatik sortzen diren etxebizitza berriei babes ofizialeko kalifikazioa ematea” proposatu du koalizioa abertzaleak: “Ezin dela etxebizitza parkea handitzen jarraitu, horren eskuragarritasuna bermatu gabe. Babesteko arautu egin behar da”, esan du zinegotziak.
Etxebizitza hutsak eta bestelakoak
Hiru neurriez gain, zinegotziek aipatu dute EH Bildutik “lanean” ari direla “etxebizitza hutsak alokairu merkatura ateratzeko bideak errazteko”. Hain zuzen ere, udalaren datuen arabera, 2.000 etxebizitza huts inguru daude Donostian. Ildo horretatik, Alokabide alokairurako etxebizitza agentzia publiko gisa “indartzea” proposatu zutela gogorarazi dute: “Horren bidez, etxebizitzak erakunde publikoen bidez kudeatu ahal izatea nahi dugu, eta jabeek haien etxebizitzak bermeekin alokairuan jartzeko erraztasunak izatea”.
Etxebizitza hutsez harago, gogoratu behar da hirian ia 14.000 etxe direla bigarren etxebizitzak, nahiz eta horiek bere horretan “etxebizitza huts” gisa ez diren zenbatzen. IRUTXULOKO HITZAk erreportaje honetan jaso zituen Donostiako etxebizitza parkearen inguruko datuak, baita etxebizitzaren arazoari irtenbideak emateko nazioarteko zenbait eredu ere.
“Etxebizitzaren inguruko eztabaida ezin da gehiago atzeratu. Ezin dugu gehiago beste alde batera begiratu. Tresnak ditugu eskura, eta erabiltzeko unea da. EH Bildutik berriz ere eskua luzatzen dugu benetako irtenbideak eraikitzeko, donostiarrek beren bizitza-proiektua beren auzoan edo hirian bertan garatu ahal izan dezaten”, gehitu dute zinegotziek.