Donostiako lehen maillot horia zendu da

Larunbatean, uztailaren 5ean, abiatu zen Frantziako Tourra. Aldiz, bi egun lehenago, hilaren 3an, bizirik zegoen maillot hori zaharrena zendu zen, 99 urterekin: Jaques Marinelli txirrindulari frantziarra. Donostiako lehen maillot horia ere bera izan zen.
1949an iritsi zen Frantziako Tourra estreinakoz Gipuzkoako hiriburura, eta Marinelli gazteak zeraman soinean. 23 urte zituen eta Ile-de-France taldearekin parte hartu zuen Tour hartan. Raul Perez kazetariak gogora dakar Marinelli ziklista Tropel amaigabea liburuan: “Marinellik babak eltzetik atera zituen urte hartako Tourrean, eta sei egunez izan zen sailkapen nagusiaren buruan. Donostiatik ateratako etapa gogor askoa zen, eta egun hartan esan zion agur amets horiari. Hala eta guztiz ere, hirugarren postuan bukatu zuen lasterketa Parisen, Coppiren eta Bartaliren atzetik”.
Komunikabideen arloan “aitzindaria” izan zela irakur daiteke Perezen liburuan: “Bera izan zen egunez egun bere bizipenak egunkari batean kontatzen lehena —L’Equipe-n, non bestela—”.
Haren kirol ibilbidean sei garaipen lortu zituen Marinellik, eta esanguratsuenak 1950eko Dauphine Libere lasterketan eskuratutakoak dira. Behin erretiratuta, bizikleta denda bat ireki zuen eta etxetresnak ere saldu zituen. Horrez gain, Melun (Frantzia) herriko alkatea izan zen 1989 eta 2002 urteen artean.